Gizartea -

Alderdi Ederren

Donostiako azken eraso matxistak salatu dituzte elkarretaratze batean

Martuteneko espetxera bidali dute ostegunean sexu eraso bat leporatuta atxilotutako gizona. Ostiralean, beste hiru erasoren berri izan zen.

Eraso sexisten aurkako elkarretaratzea. Irudia: EiTB
Eraso sexisten aurkako elkarretaratzea.
Eraso sexisten aurkako elkarretaratzea. Irudia: EiTB

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako hiriburuan erregistratutako azken eraso matxisten kontrako elkarretaratze bat egin du Donostiako Udalak eguerdian, Alderdi Ederren.

Testuinguru horretan, Eneko Goia Donostiako alkateak jaietan izandako erasoak irmo gaitzetsi ditu eta Udalaren babesa adierazi die erasoak jasan zituzten emakumeei. Bere esanetan, zoritxarrez ezin izan da bete jaien hasieran zuten desira, Aste Nagusian hiru eraso matxista izan direlako. Zoritxarrez, erasoek jaiaren irudia zikindu dutela deitoratu du Goiak.

Dena dela, herritarrek erasoei aurre egiteko orduan izan duten jarrera aktiboa azpimarratu du Donostiako alkateak, “gaitz honen kontra herritarrok dugun konpromisoa erakusten baitu”. Arrazoi horregatik, indarkeria matxistarekin amaitzea “denon erronka” dela ziurtatu du.

Ostiralean, Martuteneko kartzelara bidali zuten sexu eraso bat leporatuta atxilotutako 39 urteko gizona, epailearen erabakiz. Erasoa Aste Nagusia ospatzen ari zela gertatu zen, asteartean, 03:00etan. Biktimak salaketa jarri zuen, eta Ertzaintzak ikerketa abiatu zuen erasotzailea identifikatu eta topatzeko.

Halaber, Donostiako Kontxa hondartzako sorosle bati ostiral arratsaldean egindako sexu eraso ahalegin bat ikertzen ari da Ertzaintza. Momentuz, ez da atxiloketarik egin.

Ertzaintzak dei bat jaso zuen Kontxako arkupeetan emakume bati sexu eraso bat egiten saiatu zirela ohartaraziz, ostiralean, 14:20 inguruan.

Horiez gain, ostiralean beste bi eraso matxistaren berri izan zen Donostiako Aste Nagusian.

Batetik, zezensuzkoa ikusten ari zela, gizon bat hurbildu zitzaion adin txikiko bati, eta ukituak egin zizkion titietan; jarraian, erasotzaileak ihes egin zuen. Bertatik zebilen gizon batek gertatutakoa ikusi zuen, eta udaltzainei deitu zien. Adingabeak gertatutakoa salatu zuen.

Bestetik, 05:00ak aldera, gizon batek ukituak egin zizkion Egia auzotik zihoan emakume bati. Biktimak garrasi egin zuen, eta bertatik zebilen beste gizon baten laguntza jaso zuen; kasu horretan ere, erasotzaileak ihes egin zuen. Emakumeak ez zuen gertatutakoa salatu nahi izan, Udaleko iturriek jakinarazi dutenez.

Erakundeen gaitzespena

Eraso guztiak gaitzetsi dituzte Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Udalak testu batean irmo gaitzetsi ditu "gure bizilagunek jasandako erasoak. Gure hirian gertatutako indarkeria matxistak eragindako beste gertaera batzuk izan dira". Halaber, "babesa eta elkartasuna adierazi nahi die eraso tamalgarri horren emakumezkoei, bai eta euren familia eta hurbilekoei ere".

"Gertakizun mota hauek garrantzi handiko egiturazko arazo batean dauka jatorria: gizonen eta emakumeen arteko berdintasun falta, eta emakumeak menpean eta kontrolpean mantendu nahi dituzten jarrera eta ideia matxistak", adierazi du Foru Aldundiak.

____________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Donostiako Aste Nagusia Donostia Indarkeria matxista Gipuzkoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Sexu erasoak