Gizartea -
Genero indarkeria
Beste bi eraso matxista salatu dituzte Donostiako Aste Nagusian
Zezensuzkoa ikusten ari zen neska adingabe bati eta Egia auzotik zihoan emakume bati ukituak egin dizkiete. Larunbatean, 12:00etan, Alderdi Ederko elkarretaratzean parte hartzeko deia egin dute.
agentziak | erredakzioa
Beste bi eraso matxista salatu dituzte Donostiako Aste Nagusian azken orduotan. Uukituak egin dizkiete zezensuzkoa ikusten ari zen neska adingabe bati eta Egia auzotik ibiltzen zihoan emakume bati.
Alde batetik, zezensuzkoa ikusten ari zela, gizon bat hurbildu zaio adin txikikoari, eta ukituak egin dizkio titietan; jarraian, erasotzaileak ihes egin du. Bertatik zebilen gizon batek gertatutakoa ikusi du, eta udaltzainei deitu die. Adingabeak gertatutakoa salatu du.
Bestetik, 05:00ak aldera, gizon batek ukituak egin dizkio Egia auzotik zihoan emakume bati. Biktimak garrasi egin du, eta bertatik zebilen beste gizon baten laguntza jaso du; kasu horretan ere, erasotzaileak ihes egin du. Emakumeak ez du gertatutakoa salatu nahi izan, Udaleko iturriek jakinarazi dutenez.
Gainera, Kontxa hondartzako sorosle bati egindako sexu eraso ahalegin bat ikertzen ari da Ertzaintza.
Bestalde, espetxera bidali dute Donostian izandako sexu eraso bat leporatuta atxilotutako 39 urteko gizona.
Udala eta Foru Aldundiaren gaitzespenak
Azken orduetan Donostian izan diren eraso matxisten aurrean, Udalak irmo gaitzetsi ditu "gure bizilagunek jasandako erasoak. Gure hirian gertatutako indarkeria matxistak eragindako beste gertaera batzuk izan dira". Halaber, "babesa eta elkartasuna adierazi nahi die eraso tamalgarri horren emakumezkoei, bai eta euren familia eta hurbilekoei ere".
Bestalde, horrelako erasoak "gure gizartean oraindik nagusi diren indarkeria matxistaren eta genero desberdintasuneko jarreren adierazpenik higuingarrienak dira, eta Udalak guztiz gaitzesten ditu. Ezinbestekoa da lanean jarraitzea, gizartea eta hiriko giza eragileekin batera, balioetan oinarritutako heziketaren eta gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren alde. Beharrezkoa da, halaber, azpimarratzea horrelako jarrerak eragiten dituzten faktoreetan egunez egun esku hartzen jarraitu behar dela", adierazi dute.
Gainera, Udalak gaitzespena adierazteko hirian egiten diren deialdiekin bat egiten duela iragarri du.
Gipuzkoako Foru Aldundiak "irmoki" gaitzetsi ditu Donostian erregistratutako azken bi eraso matxistak, eta bere babes "osoa" adierazi die biktimei.
"Gertakizun mota hauek garrantzi handiko egiturazko arazo batean dauka jatorria: gizonen eta emakumeen arteko berdintasun falta, eta emakumeak menpean eta kontrolpean mantendu nahi dituzten jarrera eta ideia matxistak", esan dute adierazpen batean.
Donostiako Udalaren gaitzespenera batu da Aldundia, eta gaitzespen elkarretaratzera joateko deia egin du, larunbatean, 12:00etan, Alderdi Ederren.
____________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.