Gizartea -
Indarkeria matxista
Gizon bat atxilotu dute Donostian emakume bat bortxatzea leporatuta
39 urteko gizonezkoa da atxilotua, eta Ertzaintzaren esku jarraitzen du. Bortxaketa astearte goizaldean izan zen.
agentziak | erredakzioa
Ertzaintzak 39 urteko gizonezko bat atxilotu du gaur, osteguna, astearte goizaldean Donostian izandako bortxaketa bat leporatuta, Segurtasun Sailak zabaldu duenez.
Erasoa Aste Nagusia ospatzen ari zela gertatu zen, asteartean, 03:00etan. Biktimak salaketa aurkeztu zuen eta Ertzaintzak ikerketa abiarazi zuen erasotzailea identifikatu eta topatzeko.
Hala, gaur, osteguna, ikertzaileek identifikatu eta atxilotu egin dute eta, une honetan, Ertzaintzaren esku jarraitzen du, epailearenera joateko zain.
Jon Insausti Jaietako zinegotziak iragarri duenez, jaien ekitaldiren bat egiten den leku guztietan "mezu bat emango da", grabatua ala zuzenean, emakumeen aurkako indarkeriaren kontra.
Hain zuzen, atzo, asteazkena, Donostiako Piratek salatu zuten egun bakar batean 11 erasoren berri izan zutela hiriburu gipuzkoarrean, hori dela eta, bertan behera utzi zituzen jaietako ekitaldi guztiak.
__________________________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.