Gizartea -
Indarkeria matxista
Manifestazio handi batek Donostiako eraso matxistak gaitzetsi ditu
Donostiako Piratek 11 erasoren berri izan dute ordu gutxitan, beraz, bertan behera utzi dute asteazkeneko jai-egitaraua. Bi gizon atxilotu ditu Ertzaintzak, eta horietako batek aurrekariak ditu.
Agentziak | Erredakzioa
Azken orduetan Donostian izandako eraso matxistak salatzea xede, manifestazio handi batek Gipuzkoako hiriburuko Boulevard Zumardia zeharkatu du asteazken arratsaldean. Bi gizon atxilotu dituzte hirian: bata, emakume bati ukituak egiteagatik; bestea, aurrekoa defendatzen saiatu den beste bati erasotzeagatik. Gainera, Donostiako Piratek bertan behera utzi dute asteazken honetako jai-egitaraua; zabaldu dutenez, guztira 11 erasoren berri izan dute.
Horrela, 37 eta 40 urteko bi gizon atxilotu dituzte Donostian (lehenengoak aurrekariak ditu genero indarkeriagatik), emakume bati ukituak egiteagatik eta beste bati eraso egiteagatik, babesten saiatu denean.
Segurtasun Sailaren arabera, 05:15ean gertatu da erasoa, Argentinar Errepublikaren pasealekuan, hiriburua larunbatetik Aste Nagusiko jaietan murgilduta denean.
Bi gizonak gazte talde batengana hurbildu dira (gehienak emakumeak), eta, haiekin hitz egin ondoren, gizonetako bat ukituak egiten hasi zaio emakumeetako bati, eta taldekideek kargu hartu diote.
Bultzadak eta irainak etorri dira orduan, eta ustezko erasotzaileetako bat "ukabilkadak ematen" hasi da. Ukabilkadetako baten ondorioz, emakumeetako bat lurrera bota du, eta zauria egin du buruan.
Aste Nagusia dela-eta abiatutako segurtasun dispositiboa osatzen ari zen Ertzaintzaren patruila bat bertaratu da biktimei laguntzera, eta gertatutakoaren berri jasotakoan, agenteak haien bila abiatu dira. Handik gutxira aurkitu eta biak atxilotu dituzte, sexu-erasoa eta erasoa leporatuta.
Piratek 11 erasoren berri izan dute ordu gutxitan
Donostiako Piratek asteazken honetarako egitarauan aurreikusitako ekimen guztiak bertan behera uztea erabaki dute, asteartean 11 eraso matxistaren berri izan zutela iragarri baitute eta horiek salatu nahi dituzte.
Hasieran bi bortxaketa salatu zizkietela azpimarratu dute, eta protokoloaren aktibazioa eman zuten unetik erasoak bata bestearen atzetik etorri zirela aitortu dute. "Eraso hauek gure gunean eman dira, gure artean dabilen jendeak burutu ditu. Egoerak gainezka egin zigun, eta ez dugu halako beste egun bat eta gau bat jasotzeko indarrik", esan dute Twitterren zabaldutako ohar batean. Ondoren, baina, guztira 11 izan direla zehaztu dute.
Horrenbestez, egoera horri aurre egiteko, "festetan parte hartzen duten % 50aren segurtasuna eta askatasuna bermatu ezin bada, ez dago festarik". Hortaz, asteazkeneko egitaraua bertan behera uztea erabaki dute, ez baitute horrelako festarik nahi.
Eraso sexistek jaiak "zikintzea" deitoratu du Goiak
Eraso sexisten salaketek "modu egokian, parte-hartze handiarekin eta normaltasunez" garatzen ari diren Aste Nagusiko jaiak "zikintzea" deitoratu du Eneko Goia Donostiako alkateak.
Jaiak "normaltasunez garatzen ari dira, parte-hartze handiarekin antolatutako ekintza eta jardunaldietan", azpimarratu du Goiak, eraso matxistak salatzeko udaletxearen aurrean egindako bilkura batean.
Geratzen diren Aste Nagusiko hiru egunei dagokienez, antolatutako ekintzetan "poztasunez, umore onez eta, batez ere, errespetuz" parte hartzeko gonbidapena egin du alkateak.