Gizartea -

indarkeria matxista

Bi eraso matxista gehiago salatu dituzte Donostian

Ertzaintzak bi gizon atxilotu ditu, genero indarkeria delituengatik aurrekariak dituen bat tartean. Udalak eguerdirako deitu duen elkarretaratzearekin bat egiteko deia egin du.

Udaletxearen aurrean egindako elkarretaratzea. EiTBren bideo batetik ateratako argazkia
Udaletxearen aurrean egindako elkarretaratzea
Donostiako Udalak elkarretaratzea egin du azken erasoak gaitzesteko

1:32

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

37 eta 40 urteko bi gizon atxilotu dituzte Donostian (lehenengoa genero indarkeriagatik aurrekariak ditu), emakume bati ukituak egiteagatik eta beste bati eraso egiteagatik, babesten saiatu denean.

Segurtasun Sailaren arabera, goizaldeko 05:15ean gertatu da erasoa, Argentinar Errepublikaren pasealekuan, hiriburua larunbatetik Aste Nagusiko jaietan murgilduta denean.

Bi gizon gazte talde batengana hurbildu dira (gehienak emakumeak), eta, haiekin hitz egin ondoren, gizonetako bat ukituak egiten hasi zaio emakumeetako bati, eta taldekideek kargu hartu diote.

Bultzadak eta irainak etorri dira orduan, eta ustezko erasotzaileetako bat "ukabilkadak ematen" hasi da. Ukabilkadetako baten ondorioz, emakumeetako bat lurrera bota du, eta zauria egin du buruan.

Aste Nagusia dela-eta abiatutako segurtasun dispositiboa osatzen ari zen Ertzaintzaren patruila bat bertaratu da biktimei laguntzera, eta gertatutakoaren berri jasotakoan, agenteak haien bila abiatu dira. Berehala aurkitu dituzte, eta biak atxilotu dituzte, sexu-erasoa eta erasoa leporatuta.

Donostiako Udalak "gaitzespenik handiena" adierazi du gertatutakoaren berri izandakoan, eta elkarretaratzea deitu du gaur eguerdirako, udaletxe aurrean.

Eraso sexistek jaiak "zikintzea" deitoratu du Goiak

Eraso sexisten salaketek "modu egokian, parte-hartze handiarekin eta normaltasunez" garatzen ari diren Aste Nagusiko jaiak "zikintzea" deitoratu du Eneko Goia Donostiako alkateak.

Jaiak "normaltasunez garatzen ari dira, parte-hartze handiarekin antolatutako ekintza eta jardunaldietan", azpimarratu du Goiak.

Geratzen diren Aste Nagusiko hiru egunei dagokienez, antolatutako ekintzetan "poztasunez, umore onez eta, batez ere, errespetuz" parte hartzeko gonbidapena egin du alkateak.

__________________________________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Indarkeria matxista Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa Delituak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Sexu erasoak