Gizartea -
MIGRAZIOA
Europaren isiltasuna 'lotsagarria' dela adierazi du Open Armsek
Open Arms gobernuz kanpoko erakundeak ontzian dauden 31 adingabeentzako babesa eskatu dio Espainiak Maltan duen enbaxadari. Italiak segituan hartuko du premiazko laguntza behar duen umetxo bat.
AGENTZIAK
Open Arms gobernuz kanpoko erakundeak (GKE) salatu duenez, "lotsagarria" da ontzian dituzten 151 migranteen aurrean Europak erakutsi duen isiltasuna.
Ontzian daramatzaten hamabigarren egunean, "151 pertsona ikusezinek eusten jarraitzen dute ontziaren bizkarrean", baina egunak igaro ahala egoera gero eta zailagoa dela nabarmendu du.
"Lotsagarria da Europaren isiltasuna. Gizatasun eta enpatia faltak errudun bilakatzen ditu", azpimarratu du GKE katalanak.
Open Arms gobernuz kanpoko erakundeak babesa eskatu dio Espainiak Maltan duen enbaxadari ontzian dauden 31 adingabeentzat.
Asteartetik aurrera eguraldi txarragoa espero dela ohartarazi du, aurreikuspenen arabera 2,5 metroko olatuak izango baitira.
MSFren itsasontziak 105 etorkin gehiago erreskatatu ditu
Mugarik Gabeko Medikuak (MSF) eta SOS Mediterranee gobernuz kanpoko erakundeek itsasoratutako Ocean Viking ontziak 105 etorkin erreskatatu ditu astelehenean Mediterraneo itsasoan. Dagoeneko 356 etorkin daramatza ontzian.
Ocean Viking itsasontzia abuztuaren 3an irten zen Marseillatik, Aquarius ordezkatzeko, eta 300 lagunentzako lekua du, SOS Mediterraneeren arabera.
Italiak eta Maltak euren portuetan itsasontzi humanitarioak hartzeari uko egin ondoren, MSFk "europar mekanismo bat" eskatu du egoera kudeatze aldera erreskatatuak EBko herrialdeetan banatzeko.
Open Armseko umetxo bat eta haren familia, Italiara
Astearte honetan jakitera eman dutenez, Italiako agintariek hartuko dute Open Arms ontzian dagoen eta premiaz eraman behar duten umetxoa (arnasketa-arazoak ditu) eta horren senideak; ondorengo orduetan, Lampedusa uhartera eramango dituzte (Italiako hegoaldean dago).
Erakundeko bozeramaile Laura Lanuzak EFEri azaldu dionez, Maltak helikoptero bat eraman du ontzira, umetxoaren eta horren senideen bila, baina ezin izan du familia osoa eraman.
Horregatik, Lampedusatik txalupa bat bidaltzeko eskatu die erakundeak Italiako agintariei; izan ere, Open Arms uharte horretako kostaldetik milia gutxira dago. Italiak onartu egin du.
Umetxoa eta horren senideak datozen orduetan eramango dituzte Lampedusara, gobernuz kanpoko erakundearen bozeramaileak baieztatu duenez.