Gizartea -

ESKOZIA

Euskal kultura nazioartekotzearen garrantzia nabarmendu du Zupiriak Edinburgon

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua 'Scotland Goes Basque' programaren baitan antolatutako ekitaldietan egon da.

Edinburgh International Book jaialdia, Edinburgon (Eskozia). Argazkia: Etxepare Euskal Institutua
Edinburgh International Book jaialdia, Edinburgon (Eskozia).
Edinburgh International Book jaialdia, Edinburgon (Eskozia). Argazkia: Etxepare Euskal Institutua

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Etxepare Euskal Institutuak antolatutako 'Scotland Goes Basque' programaren ekimenak lehen eskutik ezagutzeko, Edinburgora jo du Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak. Eskoziako hiriburuan, euskal kultura nazioartekotzearen garrantzia azpimarratu du.

Asteburuan zehar, Zupiriak euskal sortzaileen parte-hartzeaz gozatzeko aukera izan du, Fringe eta Edinburgh International Book jaialdietan. Horrela babestu nahi izan ditu Eusko Jaurlaritzak Euskaditik joandako artistak.

Sailburuaren hitzetan, euskal kultura nazioartekotuz bi helburu nagusi lor daitezke: "euskal sortzaileei aukera berriak" eskaintzea eta "gure herria eta kultura nazioartean" ezagutzera ematea.

Etxepare Institutuaren programaren bidez, euskal kultura ezagutzeko aukera dute Eskozian urte osoan zehar. Neguan, Euskadin ekoitzitako musika izan zen protagonista; udaberrian, aldiz, zinema.

Zupiriak adierazi duenez, "gero eta gehiago ikusten gaituzte kulturan interesa duen herri bat bezala, eta hori euskal museoei, jaialdiei eta sortzaileei esker da". Hori dela eta, "gure sortzaileei aukerak erraztea" erabaki dute, "beren talentua gure mugetatik haratago eraman dezaten".

Arte eszenikoak eta literatura

Abuztuan, arte eszenikoen eta literaturaren txanda izaten ari da, Edinburgh Festival Fringe eta Edinburgh International Book Festival jaialdien bitartez. Horietan, guztira, 48 euskal sortzailek parte hartuko dute.

Arte eszenikoen mundu mailako topaketarik handiena den Fringe jaialdian, hurrengo dantzariak, musikariak eta konpainiak arituko dira: 2Theatre antzerki konpainia, Tio Teronen Semeak, Krego-Martin Danza, Akira Yoshida, Proyecto Colectivo HQPC eta, azkenik, Atlantik 1050 ikuskizunean parte hartu duten artistak. Halaber, Edinburgh International Book jaialdian, Iban Zaldua, Harkaitz Cano, Miren Agur Meabe, Uxue Alberdi, Bernardo Atxaga, Eider Rodriguez eta Danele Sarriugarte idazleak arituko dira.

Etxepare Euskal Institutuak abian jarritako ekimena oso garrantzitsua dela nabarmendu du Zupiriak. "Etxepareren lanari esker euskal sortzaileek beren talentua mundu osoko hainbat herrialdetara eraman dute azken urteetan", esan du.

Herrialde bat lehenetsi eta euskal kulturaren nazioarteko erakusleiho nagusi bilakatzea da Institutuaren erronka berria.

Eskozia izan da lehen geldialdia, Euskadi-Basque Country estrategian lehenetsitako lurralde bat delako eta, udako jaialdiak direla eta, herrialde horretan kulturak pisu handia duelako.

Hurrengoa Kanada izango dela iragarri du sailburuak. "Erabaki zuzena izan dela ikusten ari gara, eta datorren urtean bide honi jarraipena emango diogu, Quebecen", azaldu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Albisteak Eskozia Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gizartea Eguneko albisteak Azken kultur albisteak Albisteak Espainiako literaturaren albisteak