Gizartea -

Trafikoa

Gizon bat atxilotu dute A-8an 20 kilometroan kontrako noranzkoan gidatzeagatik

Gidaria Muskizen gelditzea lortu du Ertzaintzak, Hegoaldeko Saihesbidean eta A-8an ausarkeriaz gidatzeagatik. Positibo eman du alkohol eta droga probetan.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gizon bat atxilotu du Ertzainzak A-8an, Muskizen (Bizkaia), abiadura handiz eta kontrako noranzkoan 20 kilometroan gidatu ostean. Atxilotuak positibo eman du alkohol eta droga probetan.

52 urteko gizonak Bilboko Hegoaldeko Saihesbidean eta A-8an kontrako noranzkoan gidatu du. Hori dela eta, bideko segurtasunaren kontrako delitu bat egotzi diote, ausarkeriaz gidatzeagatik, Ertzaintzak esan duenez.

Igandean, 01:00 inguruan, A-8 errepidetik, Balmasedako irteera parean, zihoan gidari batek 112ra deitu du ibilgailu bat Kantabriako noranzkoan errepidearen kontrako aldetik zihoala ohartarazteko.

Beste gidari batzuen deiek gauza beraz ohartarazi dute, Hegoaldeko Saihesbidean lehenengo eta A-8 autobidean gero.

Gidari horien kontakizunaren arabera, autoa abiadura handian eta argi luzeak piztuta zihoan, eta zenbaitek ibilgailua saihestu behar izan dute, ez kolpatzeko.

Ibilgailua Muskiz parean topatu du Ertzaintzak. Agenteak ibilgailuaren parean jarri dira, Kantabriako noranzkoko bidean, eta gelditzeko eskatu diote, argiak eta megafonia erabilita.

Gidariak ez du kasurik egin, eta aurrera egin du, abiadura handian. Halako batean, ibilgailu argiak amatatu ditu, eta egoera are arriskutsuago bihurtu da.

Kantabriako mugara heldu baino apur bat lehenago, ibilgailua bat-batean gelditu da, Bilboko noranzkoan ibilgailu asko zetozelako.

Egoera hori aprobetxatuz, ertzainek autoa gelditu, eta gidaria atxilotu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Bizkaia Muskiz Gizartea Eguneko albisteak Albisteak A-8 Autobidea Supersur albisteak