Gizartea -

2019ko Aste Nagusia

Bilboko bizikletak mailegatzeko zerbitzua bertan behera geratuko da Aste Nagusian

Udalak, Bizkaiko hiriburuko jaietarako prestatu duen mugikortasun, garrai publiko, osasun eta kontsumo arloetako operatibo berezia aurkeztu du ostiral honetan.

Bilboko bizikletak mailegatzeko zerbitzua. Artxiboko argazkia: EiTB
Bilboko bizikletak mailegatzeko zerbitzua. Artxiboko argazkia: EiTB
Bilboko bizikletak mailegatzeko zerbitzua. Artxiboko argazkia: EiTB

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2019ko Aste Nagusiaren harira, abuztuaren 17tik 25era bitartean, Bilboko Udalak bertan behera utziko du Bilbobizi bizikletak mailegatzeko udal zerbitzua. Dena dela, San Agustin eraikinean dagoen informazio-bulegoa zabalik egongo da, ohiko ordutegian.

Udalak, Bizkaiko hiriburuko jaietarako prestatu duen mugikortasun, garrai publiko, osasun eta kontsumo arloetako operatibo berezia aurkeztu du ostiral honetan.

Halaber, azken urteetan bezala, abuztuaren 17tik (larunbata) 24ra (larunbata) bitartean Artxandako funikularrak bere ordutegia luzatuko du. Egun horietan, 00:00ak arte egongo da erabilgarri, nahi duten herritar guztiek su artifizialak Artxandatik ikusteko aukera izan dezaten.

Trafiko aldaketak

Segurtasun arrazoiak direla eta, Areatzako jai eremuan aldaketak egongo dira trafikoan, eta abuztuaren 15etik (08:00etatik aurrera) abuztuaren 27ra (15:00ak arte) bitartean guztiz itxita egongo da Zingira kalean, Epaltzaren alargunaren kalean, Areatzan eta Erriberan, hain zuzen ere.

Gauzak horrela, baimendutako ibilgailuak Zingira kaletik (Ernesto Erkoreka plazatik) sartuko dira Areatzako jaigunera, eta Erribera kaletik irten. Jai-esparruan ezin izango da ibilgailurik aparkatu, zamalanetarako orduetan izan ezik.

Horrez gain, Aste Nagusiko arratsalde-gau guztietan, hau da, abuztuaren 17tik 24ra bitartean, mugatutako jai-esparru hori ondoko eremu batzuetara zabalduko da, hala nola, Plaza Biribilera eta Bailen kalera (egunero itxiko dira 19:00etatik hurrengo eguneko 04:00ak arte, gutxi gorabehera).

Eguneroko beste ikuskizun batzuek ere (su artifizialak, Europa parkeko kontzertuak, Txikigunea eta programatutako bestelako jarduerak) aldaketak eragingo dituzte trafikoan.

Egun horietan, Bilbobuseko 24 lineari eragingo diete jaietako trafiko-etenaldi iraunkor horiek, neurri handiagoan edo txikiagoan bada ere. Hala, ostiral handirako bidaiari asko aurreikusten denez, Bilbobusen zerbitzu osoa larunbat arrunt baten gisakoa izango da (58. linean izan ezik, 15 minutuko maiztasuna izango baitu). Su artifizialak amaitu ondoren, zerbitzua indartuko dute gauero zenbait lineatan.

Soinuaren kontrola

Lehen aldiz, Europa Parkean, Abandoibarran eta Areatzan egingo diren zuzeneko kontzertuen soinu mailak kontrolatuko ditu Udalak. Sonometroen bitartez, musikak sortutako dezibelioak jasoko dituzte, eta datu horiek pantailetan erakutsiko dituzte.

Era berean, beste urte batzuetan bezala, soinuaren programazioaren eta kontrolaren sistema zentralizatua ezarriko da (bolumena mugatzeko aparatuekin), kutsadura akustikoaren arloan indarrean dauden ordenantzak behar bezala betetzen direla egiaztatzeko.

Alvaro Perez Mugikortasun eta Iraunkortasun arloko zinegotziak adierazi duenez, urtero bezala, “txosnetako eta beste lokal batzuetako soinu ekipoak ere neurtuko dituzte, ezarritako zarata maila maximoak ez gainditzeko”.

Elikagaien osasun kontrola

Beste alde batetik, txosnetan eta festa eremuko beste establezimenduetan eskaintzen diren edarien eta elikagaien higiene eta osasun-egoera ona zainduko du Udalak jaietako bederatzi egunetan.

Ildo horretatik, instalazio horietan lan egingo duten pertsonei elikagaiak manipulatzeko ikastaroak eskainiko zaizkie, euskaraz zein gaztelaniaz. Hala, Aste Nagusia hasi aurretik ikuskapen bat egingo dute edariak eta bestelako elikagaiak salduko dituzten txosna guztietan.

Testuinguru horretan, baimenik gabeko salmenta-postuetan eskaintzen diren "elikagaien jatorria eta iraungitzea” ez dela ezagutzen gogora ekarri du Yolanda Diez Osasun eta Kontsumo arloko zinegotziak. Gauzak horrela, elikatzeko postu edo salmenta-puntu horiek ez aukeratzea aholkatu du Udalak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Bilboko Udala albisteak Musika-kontzertuak gaur Bilboko Aste Nagusia Bilbo Bizkaiko albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Aste Nagusiko kontzertuak gaur Kontsumoa Garraio komuna gaur