Gizartea -
Biarritz
4.000 ertzain baino gehiagok lan egingo dute G-7aren goi-bileran
Ertzaintzaren unitate guztietako agenteek lan egingo dute. Ekitaldia mugatik oso gertu egingo dute eta "logikoki Euskadin eragina izango du", esan du Beltran de Herediak.
Agentziak | Erredakzioa
G-7 taldeak Biarritzen (Lapurdi) egin behar duen goi-bilerarako 4.000 ertzain baino gehiago lanean ariko dira, Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak iragarri duenez. Abuztuaren 24tik 26ra izango da.
Horrela, ertzainen erdia lanean izango da. Ertzaintzaren unitate guztietako agenteek lan egingo dute. Ekitaldia mugatik oso gertu egingo dute eta "logikoki Euskadin eragina izango du", adierazi du sailburuak SER irratian.
Balizko bi ondorio daude: aurrena, zirkulazioan; izan ere, goi-bilera "oporretatik bueltan datozenen ibilgailu pilaketa ematen den egunetan egingo dute, eta mugak ixten baldin badituzte, arazo handiagoak izango dira", sailburuak gogorarazi duenez.
Auto gidariei arazo posibleen berri eman zieten "irteera operazioan", 90.000 eskuorri banatu baitzituzten, eta garraiolariei murrizketak azaldu zizkieten.
Beste ondorio bat "kontrabileratik" eratorri daiteke, zati bat Irunen egingo dutelako. "Frantzian istiluak gerta daitezke, eta gugan eraginik izan dezake", onartu du sailburuak.