Gizartea -
Delitua
Bilboko bortxaketako hiru susmagarri identifikatu dituzte, mugikor bat lapurtzeagatik
Mutil horiek egitateetan izandako parte-hartzearen inguruan "zalantzak" daudelako utzi zituzten karguekin aske, baina egunero epaitegian aurkezteko baldintza jarri zien epaileak.
Agentziak | Erredakzioa
Bilboko talde-bortxaketagatik karguekin aske utzi zituzten lau ustezko erasotzaileetako hiru identifikatu ditu Bilboko Udaltzaingoak ostiral honetan, San Nikolas plazan (Zazpi Kaleetako metroko geltokiko irteeran) emakume bati telefono mugikorra lapurtzea egotzita.
Bilboko Udalak azaldu dutenez, Bilboko Metroko segurtasun zaindari batek Udaltzaingoaren laguntza eskatu du 10:10ean, oinez zihoazen hiru gazte magrebtarrek emakume baten telefono mugikorra lapurtu ostean.
Udaltzainak haiengana hurbildu direnean, paperontzi batera zerbait botatzen ikusi dituzte. Geroago, emakumeak bere mugikorra zela egiaztatu du, eta udaltzainek hiru gazteak identifikatu dituzte. Une horretan, abuztuaren 1ean Bilboko Etxebarria parkean 18 urteko neska batek jasandako talde-bortxaketagatik karguekin aske utzi zituzten hiru susmagarri zirela egiaztatu dute.
Mutil horiek egitateetan izandako parte-hartzearen inguruan "zalantzak" daudelako utzi zituzten karguekin aske, baina egunero epaitegian aurkezteko baldintza jarri zien epaileak.
Behin identifikatu dituztenean, gazteek haien bideari jarraitu diote. Udaltzainek emakumeari bueltatu diote telefonoa, eta horrek gertatutakoa salatu du Miribillako polizia-etxean.
Talde-bortxaketako ustezko erasotzaileak berandu iritsi dira Justizia Jauregira, antza denez, gertaera honen ondorioz, eta 11: 00ak aldera aurkeztu dira epaitegietan.