Gizartea -
BILBOKO ASTE NAGUSIA
Bilboko Konpartsen urte osoko lana txosna itxuran aurkeztu dute
Bilboko Konpartsen Federakundeak 550 ekintza baino gehiago eskainiko ditu uztailaren 17tik 25era, Aste Nagusian.
EITB.EUS
Bilboko Aste Nagusia hasteko zortzi egun falta direnean, txosnak muntatzeari ekin dio Bilboko Konpartsen Federakundeak, eta aurtengo ekitaldiak aurkeztu dituzte, Areatzan. Edizio honetan, jai feminista, euskaldun, herrikoi eta parte-hartzaileak aldarrikatuta, eta girorik onena izango duen Aste Nagusia helburu dutela, jaiak prestatzeko urte osoko lana egin dutela nabarmendu dute.
“Aste Nagusi benetan nagusi” izatea da konpartsen helburua, eta “espazio komun bat” behar da horretarako, “guztion artean eraikitakoa”. Era berean, jaien aurretik zein Aste Nagusian egiten dituzten lanen garrantzia azpimarratu dute, eta konpartsetan jokabide sexisten aurka egiten duten lana nabarmendu.
Azpiegiturari dagokionez, 150 tonatik gora mekanotubo, 1.200 metro karratu lona, egurrezko 1.500 panel baino gehiago eta 1.100 pintura litro erabiliko dute konpartsen txosnak eraikitzeko.
Guztira, 550 ekintza baino gehiago antolatu dituzte, eta horien berri eman dute. Hori dela eta, konpartsetako kideak lanean boluntario gisa gogotsu eta ilusioz arituko direla nabarmendu dute aurkezpenean.
Aldarte ona jai-eremuan
Bilboko Konpartsen Federakundeak ez du bat egiten aurreko urteetako segurtasun-diskurtsoarekin ezta dispositibo polizialarekin; Bilboko konpartsek “jai-eremua distentsio-gunea eta aldarte onaren isla izatea” nahi dute.
“Segurtasuna ez da bermatzen jai-gunea poliziaz josiz; dispositibo beltz, fosforito eta kopetilunak ez dio jai-giroari mesede egiten. Jai-giroan eragin negatiboa dauka, jendearengan ezinegona ere sorrarazten duela uste dugu”, azaldu dute.
Laburbilduz, milaka pertsonak gozatuko dituzten jaiak egiteko gogoa aitortu dute. Bilbo kolorez janztea da euren helburua, “munduko festa onenak izateko”.