Gizartea -
Bilboko Aste Nagusia
C. Tanganaren kontzertua bertan behera gera liteke, hitz matxistengatik
Jasotako kritiken ondorioz, auziaren inguruan "lanean" dagoela esan du Bilboko Udalak. Gaztelaniazko '[…] El silencio, no es un sí' kanpainaren alde egin du Jaietako zinegotziak.
Agentziak | Erredakzioa
Itziar Urtasun Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotziak esan duenez, Aste Nagusirako programatuta dagoen C. Tanganaren kontzertua "bertan behera gera liteke", letra matxistak izateagatik jaso dituen kritiken ostean.
Interneten hasitako sinadura bilketa batek Bilboko Udalari eskatu dio C. Tangana 2019ko Aste Nagusian jotzeko kontratatu ez dezan, emakumeen kontrako letra "matxistak eta mespretxuzkoak" dituelako.
Zinegotziak azaldu duenez, Udalak kexak jaso ditu, eta goizean artistaren ordezkariarekin bildu dira. "Horren inguruan lanean agi gara", esan du. Gehitu duenez, C. Tanganaren kontzertuan "bertan behera gera liteke".
EH Bildu eta Elkarrekin Podemos ikuskizun horren kontra agertu dira
Jone Goirizelaia EH Bilduk Bilboko Udalean duen bozeramaileak “begi onez” ikusi ditu ostegun honetan Udalak egindako adierazpenak, C. Tangranaren ikuskizuna jai egitarautik kentzea aztertuko duela esanez.
“Hori ez da ez askatasun artistikoaren ez adierazpen askatasunaren kontra egotea. Izan ere, emakumeak eta bere eskubideak errespetatzen diren gizarte bat nahi badugu, ezin dugu hizkuntza sexistarekin beteriko ekitaldiak ahalbidetu, zuzenean emakumeen eskubideen kontra doazelako”, gaineratu du Goirizelaiak.
EH Bilduko bozeramaileak azpimarratu duenez, “emakumeek eta gizonek ez dute askatasun eta behar berdinekin jokatzen jaietan eta jai eremuetan”. Gauzak horrela, “egiazko jai parekideen alde” agertu da.
Bestalde, adierazpen askatasuna errespetatzen duela ziurtatu du Elkarrekin Podemosek, baina alderdia “argi eta garbi matxistak, sexistak, homofoboak edo arrazistak” diren abestien kontra dagoela esan du.
Xabier Jimenez Elkarrekin Podemoseko zinegotziak azaldu duenez, alderdiei ez diete “ezer” galdetu udal gobernutik, eta Bilboko Jai Batzorde Mistoak ere ezin izan du bere iritzia eman. “Horregatik Aburtoren gobernuak eman behar ditu Tanganaren kontratazioari buruzko azalpen guztiak”, gaineratu du.
Elkarrekin Podemoseko zinegotziaren iritziz, “jaietako musika taldeak kontratatzeko irizpideak aldatu eta hobetu beharko lirateke, oinarrizko eskubideak errespetatzen dituzten taldeak ekarriz; ez emakumeak objektuak balira erabiltzen dituztenak”.
"El silencio, no es un sí"
Eraso sexisten kontrako Aste Nagusiko kanpainaren gaztelaniazko bertsioak polemika piztu du. Euskaraz Baiezkoan bai, bestela ez leloa dauka kanpainak. Gaztelaniaz, ordea, […] El silencio, no es un sí leloa ikusten da kartelean. Lelo horrek, koma dagoen lekuan egonda, "ezezkoa baietza da" ulertarazten du.
Urtasunek azaldu duenez, asteazkenean, abuztuaren 14an, kanpaina "osoa" aurkeztuko dute, "eta hobeto azaltzen saiatuko gara". Iazko "Ez beti da ez" leloaren ostean, "pauso bat gehiago eman eta isiltasunari era harremanen onarpenari buruz hitz egin nahi genuen".
Onartu duenez, "beharbada, kartelaren lehenengo zatia, koma horrekin, ez da ulertzen". Hala ere, azaldu duenez, "tipografiaren, desberdinak diren letren eta kolore desberdinen bidez isiltasunari garrantzia ematen saiatzen ari gara, biktimaren isiltasunari. Goiko partean kortxeteak agertzen dira, eta horrek jarraipen bat dela esan nahi du".
"Irakurri nahi duenarentzat gaia argia da, baina egia da ortografikoki gaizki jarrita egon daitekeela. Diseinu batean, mota horretako gauzak egiten dira, atentzioa deitzeko", azaldu du. Era berean, "komaren arazoaz" hitz egitea deitoratu du, "harremanen onarpenez" hitz egin beharrean.
Urtasunek ez daki kartela aldatuko den ala koma kenduko zaion, baina gehitu duenez, "arazoa koma kentzea baldin bada, kendu egingo da, baina beste ikuspuntu batetik begiratu behar da, eta, kasu honetan, emakume guztiok gaude borroka honetan elkarrekin". "Ezin dugu koma batengatik eztabaidatu eta ez onarpenagatik, harremanak izateko beharrezkoa den onarpen horri garrantzia handiagoa eman beharko geniokeelako", bukatu du.
Bestalde, Fermin Muguruza abeslaria C. Tanganari betorik ez jartzearen alde agertu Twitter sare sozialean: