Gizartea -
Zerbitzugune batean
Espetxera bidali dute Gasteizen emakume bat bortxatzen saiatu zen gizona
Sexu-erasoa gasolina-zerbitzugune batetik gertu jazo zen, igande gauerdian.
Agentziak | Erredakzioa
Kartzelara bidali dute igande gauerdian Gasteizen emakume bat bortxatzen saiatu zen 31 urteko gizona, epailearen aurrera eraman ondoren, Ertzaintzak Efe albiste agentziari jakinarazi dionez.
Gasteizko guardiako epaitegira eraman dute asteartean atxilotu eta ordutik polizia-etxean izan ostean. Horrezkero, epaileak behin behinean kartzelatzeko agindua eman du "sexu eraso saiakera delitua" egotzita.
Erasoa Gasteizko gasolina-zerbitzugune batetik gertu jazo zen. Emakumea erosketa bat egitera joan zen bertara, eta gizona hura bortxatzen saiatu zen. Biktimak, baina, aurre egin zion gizonari, eta erasotzaileak ihes egin zuen.
Emakumeak salaketa jarri, eta Ertzaintzak ikerketa abiatu zuen, erasotzailea atxilotzeko asmoz. Gasolina-zerbitzuguneko segurtasun-kameren grabazioei esker identifikatu eta atxilotu dute erasotzailea.
_________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.