Gizartea -
KLIMA-ALDAKETA
Klima-aldaketa gelditzeko dieta aldatu behar dela ohartarazi du NBEk
Dokumentuan nabarmendu dutenez, "lurraren kudeaketa hobeak klima-aldaketa gelditzen lagun dezake, baina ez da modu bakarra".
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Klima-aldaketaren inguruko negoziazioen oinarria izango den NBEren txosten baten arabera, lurraren berotzea bi gradutik beherakoa izateko Parisko Hitzarmenaren helburua ezingo da bete ez bada aldaketarik ematen lurzoruaren erabilera globalean.
Dokumentuan nabarmendu dutenez, "lurraren kudeaketa hobeak klima-aldaketa gelditzen lagun dezake, baina ez da modu bakarra".
Txostena, 2016ko Parisko Hitzarmena sinatu ondoren Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeari (IPCC) eskatutako hiru txostenetako bigarrena, ezinbestekoa da etorkizuneko negoziazioetarako, eta eragina izango du abenduan Santiagon (Txile) egingo den klimaren urteko goi-bileran.
Analisi sakonak gobernuek lurraren basogintzarako eta nekazaritzarako erabilera aldatzeko politikak ezartzeko aholkuak jasotzen ditu, klima-aldaketaren aurkako borrokan laguntzeko.
Horren harian, dokumentuan "elikagaiak alferrik galtzea murrizten dituzten politikak eta janari aukerak bultzatzen dituztenak" bultzatzea aholkatzen da, dieta haragijale gutxiago eta obesitatea murrizten dutenak nabarmenduz. Txostenaren arabera, planetako elikagaien % 25 eta % 30 bitartean xahutzen da.
Ohiko populazio indigenen nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzako praktikak berreskuratzea ere proposatzen da.
Txostenak klima-aldaketaren eta lurzoru globalaren degradazioaren arteko harreman zuzena jasotzen du lehen aldiz, eta lurraren berotzeak Mediterraneoan eta Hegoaldeko Afrikan, esate baterako, lehorte gehiago eragingo dituela ohartarazi du.