Gizartea -
Begoñako basilika
Bizkaiak eta Bilbok Begoñako Andre Maria omendu dute
Erromes asko eta asko gauean joan dira, oinez, Bizkaiko Andre Mariaren ospakizun oro Begoñako Andre Mariarekin lotzen duen tradizioa errespetatuz.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Urtero bezala, Bizkaiak eta Bilbok Begoñako "Amatxoa" omendu dute, eta milaka fededun Begoñako basilikara joan dira egun handian.
150.000 fededun baino gehiago espero ziren Begoñako basilikan. Horietako asko gauean joan dira, oinez, Bizkaiko Andre Mariaren ospakizun oro Begoñako Andre Mariarekin lotzen duen tradizioa errespetatuz.
Santutegiarekin koordinatuta, Begoñako kofradiak jendearen parte-hartzea bultzatzen du erromesaldian, eta tenplua etengabe irekita izatea ziurtatzen du.
Santutegia irekita izan da gau osoan, 'Amatxu' ikusteko eta otoi egiteko aukera emanez fededunei goizaldean, 04:00etako meza jendetsua hasi baino lehen.
Goizeko 01:00etik aurrera, Begoñako kofradiako bi anaikidek Jasokundearen Bederatzigarreneko testuak irakurri dituzte euskaraz eta gaztelaniaz. Bederatzigarren horren atal bat irakurriko da 15 minutuero, bederatzi egunak osatu arte.
Mario Iceta Bilboko gotzainak 12:00etako meza nagusia eman du; bertan, esaterako Juan Mari Aburto zein EAJ, PSE-EE eta PPko zinegotziak izan dira.
Jarraian, Aburtok Ohorezko Aurreskua dantzatu du, eta "egun berezia dela" esan du; "tradizioz betetakoa".
Erromesaldia Bermeotik
Bermeoko Sollube 707 mendigoizale elkarteak antolatutako ibilaldian parte hartu dutenek 30 kilometro baino gehiago egin dituzte. 20:00etan irten dira asteazkenean, eguneko lehen mezara iristeko.
Sabino Bilbao bermeotarrak 13 urte daramatza gaueko ibilaldia antolatzen. Kostaldeko hiribilduko frantziskotarren plazatik (Taraska) abiatuta, Almika, Sollube, Meñakabarrena, Soietxe eta Gamiz igaro dituzte Bilborako bidean. Ibilbideko azken zatia Donejakue Bidetik egin ohi dute.