Gizartea -
DONOSTIA
Zezenketen aurkako manifestazioa antolatu dute abuztuaren 14an Donostian
2017 Donostiako Udalak egindako galdeketa batean "donostiarren % 71 zezenketan kontra azaldu zen", gogorarazi du Alonsok.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eguzki talde ekologistak, Askekintzak eta Donostia Antitaurina Orain zezenketen aurkako taldeek Donostiako Aste Nagusian egingo diren zezenketen aurkako manifestazioa antolatu dute abuztuaren 14an, Gipuzkoako hiriburuan.
Askekintzako Itziar Alonsok eta Eguzkiko Juan Mari Beldarrainek 18:00etan izango den mobilizazioan parte hartzera deitu dute. "Animaliak entretenimendurako eta dibertitzeko erabiltzea" errefusatuko dute, Donostiako Boulevardean hasita.
2017 Donostiako Udalak egindako galdeketa batean "donostiarren % 71 diru eta esparru publikoak zezenketetarako erabiltzearen kontra azaldu zen", gogorarazi du Alonsok.
Horri dagokionez, Eneko Goia alkateak "ez du bere hitza bete, erdiak baino gehiagok ez baitu nahi Donostian zezenketak egitea" eta alkateak "donostiarrek nahi zutena egingo zuela esan zuen", salatu du Alonsok. Hala ere, Aste Nagusian lau zezenketa egongo dira.
Goia zezenketen inguruan kontsulta bat egiteko espainiar Gobernuaren debekuan babesten dela adierazi du Beldarrainek, "aitzakia bezala erabiliz hiritarrek eskatzen diogun erabakia ez hartzeko".
Gainera, Donostiako Udala "zezenketekin lankidetzan ari da zuzenean, udalaren instalazioak uzten ditu herritarren iritziaren kontra, udalaren autobusak erabiltzen ditu horrelako ikuskizunak sustatzeko eta ikuskizun horiek txertatzen ditu Aste Nagusiko egitarauan", gaitzetsi du.