Gizartea -

Indarkeria matxista

Bilboko bortxaketagatik akusatuetako bi espetxeratzeko erabakia berretsi du epaileak

Biktimak espetxean dauden bi atxilotuak deskribatu zituen, baina ez gainerakoak. Horregatik beste laurak aske uztea erabaki zuen guardiako epaileak.

Ertzainak erasoaren tokian. Argazkia: EFE
Ertzainak erasoaren tokian. Argazkia: EFE
Ertzainak erasoaren tokian. Argazkia: EFE

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Abuztuaren 1ean Bilboko Etxebarria parkean 18 urteko neska gazte batek jasandako talde-bortxaketagatik atxilotutako eta behin behinean kartzelara bidalitako bi gizonak espetxean mantentzea erabaki du asteazken arratsalde honetan Bilboko Instrukzioko 4 zenbakiko Epaitegiak. Gauzak horrela, guardiako epaileak hartu zuen erabakia berretsi du.

Ostiral goizaldean, Ertzaintzak 18 eta 36 urte arteko sei gizon atxilotu zituen, erasoarekin zerikusia zutelakoan. Alabaina, horietako bi Basauriko espetxean sartzeko agindua eman zuen epaileak, eta beste laurak karguekin aske uztea, egunero epaitegian aurkezteko baldintzarekin. Mutil horiek egitateetan izandako parte-hartzearen inguruan "zalantzak" daude, izan ere, horietako biren deskribapen zehatza egin zuen biktimak (horietako batek oso tatuaje bereizgarri bat dauka), baina ez zuen gainerakoen identifikaziorik egin.

Ikerketapean dauden ustezko sei erasotzaileak Bilboko Alde Zaharrean atzeman zituen Ertzaintzak, talde-bortxaketa egin eta lau ordu geroago, baina, oraingoz, ezin izan dute egiaztatu erasotzaileak sei gizon horiek direnik.

Astelehenean, Bilboko Instrukzioko 4 zenbakiko Epaitegiak bere gain hartu zuen auzia, eta, asteazken honetan erabaki behar zuen Basauriko espetxean sartu zituzten bi akusatuen egoeraren inguruan. Hala, guardiako epaileak hartutako erabakia berretsi du gaur, eta 18 urteko emakumearen bortxatzeagatik behin behinean kartzelara bidalitako bi gizonezkoak Basauriko espetxean jarraituko dute.

Gainerako lauren gainean, kargupean aske jarraituko dute momentuz. Hasita dagoen instrukzio fase honetan proba berriak bildu eta horren arabera, bestelako neurririk hartu edo ez erabaki beharko du epaileak. Esaterako, DNA proben emaitzak iristen direnean.

DNA azterketarekin zenbat eta nortzuk egin duten bortxaketa jakingo da
DNA azterketarekin zenbat eta nortzuk egin duten bortxaketa jakingo da
DNA azterketarekin zenbat eta nortzuk egin duten bortxaketa jakingo da

1:33

Biktima sare sozial baten bitartez jarri zen harremanetan erasotzaileetako batekin. Tatuaje bereizgarri bat dauka, eta Etxebarria parkean berarekin elkartzea hitzartu zuen ostegunean, 23:30ean. Hura bertaratu zenean, gizonezkoa lagun gehiagorekin zegoela ikusi zuen, eta bertatik alde egiten saiatu zen.

Alabaina, erasotzaileek ihes egitea eragotzi zioten indarrez, eta hainbat aldiz bortxatu zuten (neskak ez zuen gogoratzen zenbat aldiz bortxatu zuten). Ondoren, biktimak talde bortxaketa salatu zuen, eta tatuajea duen mutila identifikatu zuen, eta txandala zeraman beste baten janzkera deskribatu zion Ertzaintzari, baina ezin izan zuen identifikatu.

Akusatuak “berehala” espetxeratzea eskatu dute

Bestalde, sei erasotzaileak "berehala espetxeratzea" eskatu du Clara Campoamor Elkarteak, biktimaren osotasun fisikoa arriskuan egon daitekeela iritzita.

Blanca Estrella Ruiz talde horretako presidenteak azaldu duenez, auzi honetan herri-akusazio gisa aurkezteko eskaera egin du elkarteak, eta, idatzi horretan, "sei basapizti hauentzat behin-behineko espetxealdia” eskatu dute. Bilboko Udala ere herri-akusazio gisa aurkeztuko dela jakinarazi zuen Juan Mari Aburto Bilboko alkateak.

Instrukzio epaileak Clara Campoamor Elkartearen eskaera ez badu onartzen, sei erasotzaileei eskumutur elektronikoa bidezko urruntze agindua ezartzea eskatuko dute, gaztearengana hurbildu ahal izatea eragozteko asmoz.

Bilboko bortxaketaren susmagarrietariko lau aske utzi izanak kezka sortu du
Bilboko bortxaketaren susmagarrietariko lau aske utzi izanak kezka sortu du
Bilboko bortxaketaren susmagarrietariko lau aske utzi izanak kezka sortu du

1:27

_________________________________

Albiste honi buruzko informazioa ETB, Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoriako albistegietan eguneratuko da, baita eitb.eus-en ere.

_________________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Bilbo berriak Indarkeria matxista Espainian Zer gertatu da gaur Bizkaian? Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Tratu txarren biktimentzako gida Matxismoa