Gizartea -
Aste Nagusia
Bilboko sukaldaritza lehiaketak parte hartzea lehenetsiko du
Bakailaoa pil-pil eran, marmitakoa eta buztan-gisatua ez ezik, aurten kontuan hartuko dira ere patatak saltsa berdean, patata-tortillak, txipiroiak eta bakailaoa bizkaitar eran.
Erredakzioa
Aurten hainbat aldaketa izango dira Bilboko Aste Nagusiko gastronomia lehiaketan; esaterako, konstantzia eta egunero parte-hartzea sarituko dute, Bilboko Konpartsak elkarteak asteazken honetan jakitera eman duenez.
Horrenbestez, sukaldaritza lehiaketak parte hartzea lehenetsiko du. Horretarako, aldaketak izango dira txapelketako arauetan: bakailaoa pil-pil eran, marmitakoa eta buztan-gisatua ez ezik, aurten kontuan hartuko dira ere patatak saltsa berdean, patata-tortillak, txipiroiak eta bakailaoa bizkaitar eran. Hala, plater dotoreenetan chef izateaz gain, baloratuko dira konstantzia, egunero aurkeztea eta parte hartzea, zein plater umilagoak kozinatzen jakitea.
Lehiaketa ez dago profesionalei zuzenduta, sukaldaritza-zaleei baizik. Lehiaketaren baldintzak hobetzeko, izen-ematearen ordua 09:30era arte atzeratuko dute. Bestalde, parte-hartzaileen eskaerei kasu eginez, buztan-gisatuan presio-eltzea erabiltzea baimenduko da.
Bestalde, azken urteotako apustuari jarraituz, aurten ere errezeta begetalek beren lekua izango dute lapikoen artean: lehenengo domekan, zero kilometroko barazkien parriladaz gozatu ahal izango da; astelehenean, patatak saltsa berdean prestatuko dituzte; eta, asteazkenean, berriz, Ibarrako langostinoak izango dira Areatzan.
Dastaketak
Bertoko produktuak erabiltzeko filosofiari eutsiz, aspaldiko Aste Nagusien esentzia berreskuratzen segitzeko konpromisoa berretsi dute Bilboko Konpartsako kideek. Horregatik, antzinako zaporeak eta pintxo tradizionalak zabaldu gura dute, "gure kilker edo grillo bezalakoa", astelehenean prestatuko dutena.
Dastaketekin segituz, bakailao beratua izango da dastatzekoa Aste Nagusiko ostiralean; 500 pintxo baino gehiago banatuko dituzte Iñaki Aurtenetxeren Bacalaos Sayomarrekin elkarlanean. Pintxo horiekin batera, Bilboko ostalaritzaren beste klasiko bat ekarri dutu gogora: kroketa. Arrautzaztatu onenak Bilbon nork egiten dituen erabakiko da ostegunean.
Dena den, dastaketarik handiena lehenengo igandean egingo dute: Eusko Labeleko 1.200 oilasko- eta txahal-hanburgesa salduko dituzte, Areatza usain gozoez beteko duen elkartasun-parriladan. Ekimen horretan batuko den dirua Zorrotzako futbol-eskolari emango diote.
Umeen eskola gastronomikoa
Etorkizunari begira ere, umeen jarduera gastronomikoen berri eman dute. Aste Nagusiko astelehenean, plater begetala prestatuko dute txikiek, fruta-entsalada kozinatzen ikasteko. Asteazkenean, berriz, askotariko entsaladari ekingo diote. Modu berean, ostiralean, Euskal Txiki Masterrak ere omenaldia egingo dio arrain preziatuari eta bakailaoaren kokotxak pil-pilean prestatuko dituzte neska-mutilek, Javier Izarrak, Tamarises Izarra jatetxeko chefak gidatuta.
Ostiraleko programazioa biribiltzeko, Zigor Iturrieta sukaldari ezagunak lagunduta, showkaldaritza saioa izango da; hainbat bakailao-mota kozinatuko dituzte. Eta dena, zuzenean segitu ahal izango da.