Gizartea -

Indarkeria matxista

Eraso sexistak saihesteko Ertzaintzaren aholkuek polemika eragin dute

Mugimendu feministak Gasteizko jaietan banatutako liburuxkak erretiratzeko eskatu du. Ertzaintzak nabarmendu duenez, aholkuekin ez dute 'emakumeen askatasuna mugatu nahi'.

Eraso matxisten kontrako kartel bat. ETBren bideo batetik ateratako argazkia
Eraso matxisten kontrako kartel bat.
Gasteizko prebentzio kanpainak polemika piztu du

1:14

Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eraso sexistak saihesteko asmoz Ertzaintzak eta Gasteizko Udaltzaingoak Andre Maria Zuriaren jaietan zabaldu dituzten liburuxkek polemika piztu dute. Esku-orriek sexu-erasoak saihesteko aholkuak eta prebentzio-neurriak jasotzen dituzte, besteak beste. Alabaina, Gasteizko Mugimendu Feministak liburuxkak erretiratzea eskatu du, “emakumeen askatasuna mugatzea” bilatzen dela iritzita.

Ohar batean, “arreta erasotzaileengan jarri beharrean, ardura guztia emakumeengan” jartzen dutela salatu dute. Hala, "emakumeak berriz ere haien segurtasunaren erantzule" egiten dituztela salatu dute.

Horren aurrean, Victoria Landa Gasteizko Ertzain-etxeko buruak adierazi du haiek ez dutela “emakumezkoen askatasuna mugatu nahi”, baizik eta “askatasun hori segurtasunez erabili ahal izateko tresnak” eskaini nahi dituzte.

Sexu-erasoak saihesteko liburuxkan, nolanahiko hitzordurik ez onartzea edota itsu-itsuan ezezagunekin ez elkartzea eskatzen du Ertzaintzak. Halaber, hitzorduak leku ezagunetan izatea, eta adiskideren bati horren berri ematea gomendatzen du. Horrez gainera, gauez leku bakartietatik edo argi gutxi duten lekuetatik bakarrik ez ibiltzea aholkatzen du. Bestalde, pertsona bati errespetu faltak edo jazarpen-jarrerak ikusiz gero ingurukoei ohartarazteko eskatzen du.

Ertzaintzaren gida

Sexu erasoak saihesteko aholkuak biltzen dituen liburuxka.

Aholku horiek jarraitu ezean, “emakumeei eraso egin ahal lieketen” galdetu du Mugimendu Feministak. “Errua izango al genuke?”, galdetu du, eta Gasteizko jaietan jarri daitezkeen salaketei genero ikuspegiz erantzuna ematea eskatu diete Ertzaintzari eta Udaltzaingoari.

Horrez gain, emakumeek “edozein kaletik, edozein ordutan eta edozein modutan, beldurrik gabe ibiltzeko eskubidea" dutela aldarrikatu du elkarte feministak. “Eta seguru gaudela sentitu nahi gara”, erantsi du.

“Askatasuna erasotzaileei murriztu behar zaie, haiek dira gure erdialdeko zein periferietako kale ilun zein argituetan soberan daudenak, mozkor edota edan gabe, bakarrik edo koadrilan, jaietan zein egunerokotasunean”, nabarmendu du Gasteizko Mugimendu Feministak.

“Ez dugu onartuko gure ongizatearen aurka egindako erasoen ardura guri egoztea, ezta ere gure askatasunari mugak jartzea. Ez dugu kontuz ibili nahi, aske izan nahi dugu. Erasotzaileak haiek dira, bidegabea den gizarte bati eusten diotenak, matxismoaren seme legitimoak direnak, eta aholkuak haiei zuzenduta egon beharko lirateke”, adierazi du elkarteak.

Ertzaintzak kritikei erantzun die

Victoria Landa Gasteizko Ertzain-etxeko buruak esku-orriek sortu duten polemikaren inguruan hitz egin du gaur Radio Euskadin. Landak esan duenez, “jasotako kritiken jakitun” da Ertzaintza, eta lapurreta kasuetan bezala, emakumeentzat ere babesik onena autoprebentzioa dela. Bere iritziz, liburuxka horietan jasotako aholkuek ez dute emakumeen askatasuna murriztea bilatzen, baizik eta “askatasun hori segurtasunez gauzatzea ahalbidetuko diguten tresnez hornitzea”.

"Aholku logikoak, sinpleak eta errazak dira, eta horiek jarraituta arrisku egoerak saihestu ahal ditugu; hori baita jaiez gozatu ahal izateko ekarpenik onena", esan du Landak.

Delitu horiek saihesteko asmoz Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abian jarri duen ekintza planaren barruan, Ertzaintzak bere presentzia indartzea aurreikusten du, bereziki ondorengo toki hauetan: parkeak, lurpeko pasabideak, biztanle gutxiko eremuak, argiztapen gutxikoak edo pertsonen joan-etorri gutxikoak, eta, batez ere, biktima potentzialak haien etxeetara itzultzen diren tokietan.

Halaber, gune horietan "susmagarriak identifikatzea" aurreikusten da.

Landak gogora ekarri duenez, hirugarren urtea da Euskadiko herri eta hiriburuetako jaietan eraso sexistak saihesteko asmoz liburuxka horiek kaleratzen dituztela, baina “horrelako kritikak jaso ditugun lehen aldia da”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala Andre Maria Zuriaren Jaiak Ertzaintza Herriak eta Hiriak Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Jaiak Matxismoa Feminismoa Sexu erasoak