Gizartea -
GENERO INDARKERIA
Uriarte: 'Espetxean ez badaude, euren inplikazioaren inguruan zalantzak daudelako da'
Bilboko epaile dekanoaren arabera, talde bortxaketagatik atxilotutako sei gizonetatik bi aske uzteko erabakiak ez du esan nahi 'Justiziak berriro huts egin' duenik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Hautsak harrotu ditu Bilboko talde bortxaketagatik atxilotutako sei gizonezkoetatik lau aske uzteko erabakiak, eta horren inguruko azalpenak eman ditu gaur Aner Uriarte Bilboko epaile dekanoak. Horren hitzetan, zaintzako epaileak lau gazte horiek espetxeratzeko agindua eman ez bazuen, mutil horiek egitateetan izandako parte-hartzearen inguruan "zalantzak" daudelako da. Kartzelara bidali dituzten bi atxilotuen kasuan, berriz, "identifikazioa argiagoa" izan dela gaineratu du.
Uriartek gogora ekarri du karguekin utzi zituztela aske lau ustezko erasotzaileak, eta "ikerketapean" daudela. Egunero joan behar dute epaitegira sinatzera.
Epaileen erabakiek jasotzen dituzten kritiken inguruan esan du sarri "informaziorik izan gabe" jartzen dela zalantzan magistratuen lana, eta errugabetasun printzipioa aintzat hartu behar dela gogoratu.
Sekretupean jarraitzen du kasuak, eta oraindik ez dute jakitera eman epaileak atxilotuei zein kargu leporatu dizkien. Atxilotu bakoitzak erasoan izan duen inplikazioa banan-banan aztertu behar dela adierazi du Uriartek, eta horrelako erasoek "gizartean alarma" eragiten badute ere, epaileek, ikuspegi judizial batetik, salatutako egitateak "frogatu" egin behar dituztela nabarmendu du. "Arrazoizko zantzuak ezinbestekoak dira", gehitu du.
Ildo berean mintzatu da Garbiñe Biurrun EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko magistratua Euskadi Irratian. Horren hitzetan ere, banan-banan aztertu behar da atxilotu bakoitzak egindakoa, eta denak ezin dira "aterki berean" sartu. Epailearen ebazpena ezagutu ondoren erabakia hobeto ulertuko dela zehaztu du.
Biurrunen arabera, egunero epaitegira joan behar izatea "neurri zorrotza" da.
Bilboko Etxebarria parkean bortxatu zuten emakumea, ostegun gauerdian. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak zabaldutako informazioaren arabera, sare sozialen bidez egin zuen hitzordua gizonetako batekin, baina sei agertu ziren hitzordura. Biktima ihes egiten saiatu arren, erasotzaileetako batek harrapatu egin zuen, eta guztiek egin zioten eraso.