Gizartea -
GENERO INDARKERIA
Espetxera bidali dituzte Bilbon talde-bortxaketagatik atxilotutako sei gizonetatik bi
Beste laurak karguekin aske utzi ditu epaileak, eta egunero epaitegira joan beharko dute. Atzo deklaratu zuten denek Bilboko Gau eta Eguneko Epaitegian.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bilbon ostegun gauerdian izandako talde-bortxaketa dela eta atxilotutako sei gizonetatik bi Basauriko espetxean sartzeko agindua eman du epaileak, eta beste laurak karguekin aske uztea erabaki du, egunero epaitegian aurkezteko baldintzarekin.
18 eta 36 urte arteko sei gizonak erasoa izan eta ordu gutxitara atxilotu zituen Ertzaintzak, ostiralean, eta atzo goizean eraman zituzten Bilboko Gau eta Eguneko Epaitegira, epailearen aurrera deklaratzera.
Etxebarria parkean bortxatu zuten emakumea. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak zabaldutako informazioaren arabera, sare sozialen bidez egin zuen hitzordua gizonetako batekin, baina sei agertu ziren hitzordura. Biktima ihes egiten saiatu arren, erasotzaileetako batek harrapatu egin zuen, eta guztiek egin zioten eraso.
Erasoa jasan ostean, neska Basurtuko Ospitalera joan zen, amak lagunduta, eta bertan hainbat azterketa egin eta gero, genero indarkeria kasuetarako protokoloa jarri zuten martxan.
Biktimak emandako deskripzioari esker, berehala atxilotu zituen Ertzaintzak ustezko sei erasotzaileak, Bilbon bertan.
Beste behin, amorrua eragin du emakumeen kontrako indarkeria kasu honek gizartean, eta milaka pertsona kalera atera dira azken orduotan, matxismoa errotik desagerrarazteko eskatzera.
Bilboko auzokideak haserre agertu dira erabakiarekin
Bestalde, talde bortxaketagatik atxilotutako sei gizonetatik lau aske utzi izana aurpegiratu dio Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak justiziari, erasotzaileek biktimarekin topo egin dezaketelako kalean.
Testuinguru horretan, Carlos Ruiz elkarte horretako presidenteak "irmotasun handiagoa" eskatu die epaileei, horrelako delituak egiten dituzten erasotzaileek behin baino gehiagotan egin ohi dituztelako erasoak, "La Manadaren kasuan egiaztatu den bezala". Antzeko kasuetan, auzipetuek hainbat kondena pilatzen dituztela adierazi du Ruizek.
"Zertan ari dira epaileak pentsatzen atxilotuetako lau aske uzteko? Zergatik egiten dituzte bereizketa horiek?", galdetu du Ruizek.
Hala, talde-bortxaketan sei gizonek parte hartu bazuten, "delitua bera da eta zigor bera merezi dute: kartzela", iritzi dio elkarte horretako presidenteak.
Herri akusazioa
Clara Campoamor Elkartea herri-akusazio gisa arituko da auzi honetan, Blanca Estrella Ruiz talde horretako presidenteak azaldu duenez. "Sei basapizti hauentzat behin-behineko espetxealdia eskatuko dugu. Animaliak ere ez dira horrela aritzen. Jarrera hauek geldiarazi egin behar ditugu", esan du.
Basurtuko Ospitaleak eta Ertzaintzak kasu honetan egindako lana txalotu du emakumeen eskubideak babesten dituen elkarteak, eta bide horri eusteko eskatu die epaileei eta fiskalari.
_________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.