Gizartea -

Bilboko jaiak

Zeinu-interpretea eta braillera egokitutako egitaraua izango du Aste Nagusiak

"Gozatu itzazu zeuk ere!" goiburupean, Aste Nagusi inklusibo baten aldeko apustua egin du Bilboko Udalak.

Bilboko Aste Nagusiaren artxiboko argazkia: Pabo Martinez
Bilboko Aste Nagusiaren irudia
Bilboko Aste Nagusiaren artxiboko argazkia: Pabo Martinez

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Udalak Aste Nagusi inklusibo baten aldeko apustua egin du; horretarako, esaterako, zeinu-interprete bat izango da jaien pregoian, haur-antzerkietan eta kaleko antzerkian; irakurketa errazera eta braillera egokitutako egitaraua argitaratuko dute; lehentasunezko tokiak gordeko dituzte kontzertuetan dibertsitate funtzionala duten pertsonentzat eta komun egokituak jarriko dituzte jaietako gune guztian.

Horrenbestez, Udalaren asmoa da dibertsitate funtzionala duten pertsonek Bilboko Aste Nagusian programatutako jardueretan parte hartu ahal izatea, jaiak guzti-guztientzat izan daitezen.

Horrela, batetik, Bilboko Udalak zeinu-hizkuntzako interprete bat jarriko du Aste Nagusiko ekitaldi hauetan: Arriaga antzokiko agurrean eta pregoian; Txikiguneko haurrentzako antzerki-lanetan (abuztuaren 19an, 20an, 21ean, 24an eta 25ean); eta Arriaga plazako kaleko antzerki-lanetan (abuztuaren 19ko, 20ko eta 22ko eguerdiko saioetan).

Kale antzerkia

Kale antzerkia Bilboko Arriaga plazan. Argazkia: Bilboko Udala

Bestetik, Bilboko leku estrategikoetan, jaietako egitaraua braillez eskainiko da. Leku hauetan eskuratu ahal izango da: Bilbao Turismoren bulegoetan (Plaza Biribila, 1, behea, eta Guggenheim museoaren ondoko etxola); ONCEren egoitzan (Perez Galdos, 11); Aireportuko informazio-puntuan; Bilboko Burtsaren eraikineko udaltegian; Txikiguneko informazio-puntuan, eta Abandoko udaltegian (Elkano kalea, 20).

Gainera, jaietako egitaraua eta aplikazioa irakurketa errazera egokitu da, errazago uler dadin. Aplikazioaren nobedadea da aurten. Hizkera argia eta zehatza du eta testuarekin batera irudiak erabiltzen dira. Irakurketa errazak adinagatik, prestakuntzagatik, hizkuntza ondo ez jakiteagatik edo beharrizan zehatzengatik ulertzeko arazoak dituztenek ere ulertzea ahalbidetzen du. Egitaraua “Bilbao Aste Nagusia” aplikazioan izango da eskura formatu digitalean.

Bestalde, Txikigunean, eskala txikiko Marijaiaren erreprodukzio bat egongo da ikusmen urria duten pertsonentzat, eta Gargantua egokitu bat, mugikortasun urria duten umeentzat. Bertan egiten diren jarduera guztiak pertsona guztien parte-hartzea bermatzeko diseinatu dira, eta monitore espezializatuak izango dira bertan. Bilboko Udalak jai-eremu gehienak egokituko ditu dibertsitate funtzionala duten pertsonak iristeko modua izan dezaten.

Halaber, leku batzuk erreserbatuko dira Abandoibarra etorbideko kontzertuetan (agertokiaren albo batean), Gizakunde elizan (kontzertua hasi baino ordubete lehenago arte) eta Europa parkean dibertsitate funtzionala duten pertsonentzat.

Komun egokituak ere izango dira jaigune osoan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Bilboko Aste Nagusia Bilbo Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Jaiak