Gizartea -
Migrazioa
Portu baten bila ari da Open Arms, ontzian salbatutako 123 migratzaile dituela
Gobernuz kanpoko erakundearen arabera, Mediterraneoan aurkitutako pertsonek "Libian sufritutako indarkeriaren ageriko zantzuak dituzte".
Agentziak | Erredakzioa
Open Arms gobernuz kanpoko erakundeak esan duenez, 68 migratzaile erreskatatu ditu ostegun gauean Mediterraneo itsasoan. Aurretik aurkitutako 55ak horiei batuta, 123 migratzaile daramatza ontzian, eta portu seguru baten bila ari da.
Oscar Camps erakundearen fundatzailearen arabera, itsasoan aurkitu dituzten migratzaile horiek "Libian sufritutako indarkeriaren ageriko zantzuak dituzte".
Erreskatatu dituzten azken pertsona horien artean, bi ume eta bi emakume haurdun daude, "horietako bat 9 hilabeteko dago eta uzkurdurak ditu", eta aurretik salbatu dituen 55 migratzaileen artean bederatzi hilabeteko bi biki daude.
Pertsona horiek portu seguru batean lehorreratzeko baimenaren zain dago ontzia. Italian, bitartean, Matteo Salvini Barne ministroak Italiako uretan sartzeko edo nabigatzeko debekua iragarri du.
Salvinik ontzian erreskatatutako migratzaileak daramatzaten gobernuz kanpoko erakundeei portuak ixtearen aldeko politika abiatu du, eta 10.000 eta 50.000 euro arteko zigorrak aurreikusten dituen lege-dekretu bat bultzatu du, Italiako uretan sartzen diren gobernuz kanpoko erakundeak zigortzeko.
Aldi berean, Espainiako agintariek arriskuan dauden ontziak bilatzeko debekua ezarri dio Open Armsi, bere aktibitatea murriztuz, eta Merkataritza Nabigazioko Zuzendaritzaren debeku hori urratuko balu 900.000 eurorainoko zigorrak jasoko lituzkeela esan zion uztailaren 4an gobernuz kanpoko erakundeari.
Apirilean, Bartzelonako portuan ehun egun blokeatuta eman ostean, Espainiako agintariek baimena eman zioten ontziari Egeora laguntza humanitarioa eramateko, baina salbamenduetan parte hartu gabe.
Uztailaren 26an, Open Arms erakundearen izen bereko ontzia Napoliko portuan (Italia hegoaldean) zegoenean, fundatzaileak berriz zaintza-lanei ekingo zietela esan zuen.
Italian, Lampedusa uhartearen aurrean, Sea Eye gobernuz kanpoko erakunde alemaniarraren Alan Kurdi ontzia dago, igandean Mediterraneo itsasoan erreskatatu zituzten 40 migratzailerekin; horien artean, hiru haur eta emakume haurdun bat daude.