Gizartea -
EGURALDIA
4.000 deskarga elektrikotik gora utzi dituzte ordu eta erdian ekaitzek
Gipuzkoa eta Arabako hainbat tokitan, 30 litro baino gehiago batu dituzte ordubetean. Ezegonkortasunak gutxitzera egingo du, baina ekialdean oraindik zaparrada trumoitsuak botako ditu.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Prezipitazio handiak eta deskarga elektriko ugari utzi dituzte denbora gutxian ekaitzek, goizaldean, batez ere Araban eta Gipuzkoan.
Eturan (Araba) metro koadroko 30,9 litro utzi ditu ekaitzak ordubetean (12,1 litro 10 minutuan), Euskalmeten datuen arabera. Lurralde horretan izan dira prezipitazio handienak: 28,1 l/m2 Subijanan, 25,7 l/m2 Trebiñun eta 24,5 l/m2 Ozaetan.
Urkulun (Gipuzkoa), metro koadroko 24,7 litro pilatu dira ordu betean. Lizartzan (Gipuzkoa) metro koadroko 20,1 litro batu dituzte ordubetean eta 17,3, berriz, Berastegin (Gipuzkoa).
Gainera, ordubete eta erdian, 3:50etik 5:20era, 4.257 deskarga elektriko jaso ditu Euskalmetek.
Aurreko asteburuan, Italiako Susa haranean egiten den K Bertikala Mendi Lasterketan, tximista batek Iñaki Latasa korrikalaria jo zuen, hankan.
Iragarpenaren arabera, ondorengo orduetan ezegonkortasunak gutxitzera egingo du, baina ekialdean oraindik zaparrada trumoitsuak botako ditu.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du gaurko, prezipitazio handiengatik, 03:00etatik 09:00etara eta 15:00etatik 21:00etara.