Gizartea -
TURISMOA
Pisu turistikoak Eusko Jaurlaritzan erregistratu behar dira jada
Hori egin ezean, 100.000 eurorainoko isuna jaso dezakete etxejabeek. Erregistratzeko beharra abuztuan jarri da indarrean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Abuztuaren 1etik aurrera, erabilera turistikorako etxebizitzak eta autokarabanak hartzeko gune bereziak Euskadiko Turismo Enpresen eta Jardueren Erregistroan inskribatu beharko dira. Hori egin ezean, 100.000 eurorainoko isuna jaso dezakete etxejabeek. Orain arte, hotelak, ostatuak, apartamentu turistikoak, nekazaritza-etxeak, landetxeak, aterpetxeak, kanpinak eta beste kanpaldi modalitate batzuk soilik erregistratzen ziren.
Aldaketa hori jasotzen du gaur Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratu den dekretu berriak, eta arau horrek indarrik gabe uzten du aurreko dekretua. Horren bidez, turismoaren euskal legearen xedapenak garatu ditu Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak.
Turismo Sailak ohar bidez azaldu duenez, araudiak Euskadiko turismo sektorearen errealitate berria hartzen du kontuan, eta turismo legeak arautzen dituen turismo-establezimenduak eta enpresa tipologiak jasotzen ditu. Aurreko dekretuan jaso gabe zeudelako, erabilera turistikoko etxebizitzak eta etxebizitzetako gelak nabarmentzen dira.
"Kanpaldi-eremu naturalak" eta "autokarabanen harrera-eremu bereziak" ere erregistratu egin beharko dira aurrerantzean. Dena den, badira turismo legean aurreikusten diren eta gaur egun arautu gabe dauden antzeko figurak; "kanpaldi librea", "titularitate publikoko kanpaldi-eremuak" eta "ekitaldietako behin-behineko kanpaldia" deiturikoak. Hori dela eta, arautu arte ezingo dira erregistroan inskribatu.