Gizartea -

EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIA

Fiskaltzak 21 urte eskatu ditu Donostiako tatuatzailearentzat, sexu delituengatik

Guztira, 12 emakumeren kontra izaera sexualeko 14 delitu egitea leporatzen dio Gipuzkoako Fiskaltzak. Emakume horietatik gehienak bere bezeroak ziren.

Donostiako tatuatzailea, atxiloketaren unean. EiTBren bideo batetik ateratako irudia
Donostiako tatuatzailea, atxiloketaren unean
Donostiako tatuatzailea, atxiloketaren unean. EiTBren bideo batetik ateratako irudia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako Fiskaltzak 21 urte eta lau hilabeteko kartzela zigorra eskatu du Donostiako tatuatzailearentzat, 12 emakumeren aurka sexu izaerako 14 delitu egitea leporatuta. Biktima gehienak bere bezeroak ziren.

Efe albiste agentziak zabaldutako fiskalaren behin-behineko akusazio idatziaren arabera, gertaerak 2013ko otsailetik 2018ko urtarrilera bitartean gertatu ziren. Zehazki, hiru sexu eraso delitu, hiru jazarpen delitu eta bortxa delitu bat egozten dizkio fiskalak. Horren esanetan, eraso gehienak tatuatzaileak Donostian duen dendan gertatu ziren, baina baita haren etxean edo irakasle gisa jarduten zuen tatuajeak egiteko eskolan ere.

Cristina Morcillo Buj defentsa abokatuak, bere aldetik, akusatuaren absoluzioa eskatu du, akusazioak ez direla egia eta haren bezeroari egotzi ezin zaizkiola argudiatuta. Halaber, instrukzioan zehar, auzipetuari berme guztiak dituen prozesu bat izateko eskubidea urratu zitzaiola salatu du.

Biktimetako bik auzian akusazio partikular gisa jardutea eskatu dute.

Auziko instrukzio epaileak hainbat delitu egozten dizkio Donostiako tatuatzaileari: sexu-erasoa, sexu-abusua, irainak, jazarpena, sexu-jazarpena eta intimitatearen kontrako delitua.

Sexu delituengatik salatutako Donostiako tatuatzailea 2018ko otsailaren 5ean atxilotu zuen Donostiako Udaltzaingoak eta epaileak espetxera bidali zuen.

Ahozko epaiketa datorren irailean egingo da Donostiako Zigor Arloko Epaitegian.

__________________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta / edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Lehenak arrastoa uzten du fakturan eta telefonoan; bigarrenak, telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Umeak tratu txarrak Donostiako azken albisteak Tratu txarrak gaur Epaiketak argazkiak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Tratu txarren biktimak Matxismoa gaur Sexu erasoak