Gizartea -
Indarkeria matxista
Kartzelatu egin dute Beasaingo sexu-erasoaren ustezko egilea
Guztira, azken urteetan bost sexu-eraso egin izana egotzi dio Ertzaintzak gizonezkoari.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Beasainen (Gipuzkoa) emakume bati sexu-erasoa egiteagatik joan den ostiralean atxilotutako 34 urteko gizonezkoa espetxeratu egin dute Martutenen, epaileak galdekatu ondoren, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Emakume batek ekainaren 13an salatu zuen sexu-erasoa egin ziotela Beasainen (Gipuzkoa). Ertzaintza ikertzen hasi zen, eta joan den ostiralean sexu-erasoaren ustezko egilea atxilotu zuen, Lazkaon.
Atxilotuak asteburu osoa igaro du ertzain-etxean, eta astelehen eguerdian eraman dute Tolosako guardiako epaitegira, epailearen aurrean deklaratzera. Ondoren, epaileak Martutenen espetxeratzeko agindua eman du.
Bestalde, Ertzaintzak gertatutakoa ikertzen jarraitzen du, eta azken urteetan guztira bost sexu-eraso egin izana egotzi dio.
__________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta / edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Lehenak arrastoa uzten du fakturan eta telefonoan; bigarrenak, telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.