Gizartea -

Emakumeen aurkako indarkeria

Gizon batek 10 urteko zigorra jaso du emazteari sexu-erasoa egiteagatik, Bizkaian

Gizonak biluztera behartu zuen bikotekidea, eta sexu-erasoa egin zion iraintzen zuen bitartean. Emakumeari azpidebresio kronifikatua eta antsietate-depresio sintomak diagnostikatu dizkiote.

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak 10 urte eta 10 hilabeteko zigorra berretsi du gizonezko bizkaitar batentzat bere emaztea biluztera behartu eta sexu-erasoa egiteagatik.

Efek zabaldutako ebazpenean agertzen denez, auzitegiak berretsi egin du Bizkaiko Probintzia Auzitegiak otsailean emandako epaia. Hala, 10 urteko kartzela-zigorra ezarri diote sexu-erasoagatik, eta 11 urtez ezingo du biktimarengandik 500 metro baino gertuago egon.

Gainera, hamar hilabeteko zigorra gehitu zioten etengabeko mehatxu arinak egiteagatik, eta horrekin bi urte gehitu zizkioten urruntze aginduari.

Egiaztatutako frogetan agertzen denez, 2014ko udatik 2017ra bikote harreman ona izan zuten biek, baina azken hilabeteetan gizonezkoa emakumeak bere semearekin (beste harreman batekoa) zuen harremanean sartzen hasi zen, eta mutikoari min egingo ziola mehatxu egiten zion emakumeari.

2017ko maiatzean, bizi ziren baserrian zeudela, gizonak emakumearen sakelako telefonoa hartu eta mezuak irakurtzen hasi zen. Bere onetik atera eta bikotekidea iraintzen eta mehatxatzen hasi zen.

Bost minutu eman zizkion biluzteko, eta arropa ez zuela kendu ikusita, gizonak indarrez kendu zion pijama, hatza uzkian sartu zion, belaunikatu egin zuen, felazio bat egitera behartu zuen, eta ondoren zakila aluan sartu zion indarka, iraintzen zuen bitartean.

Emakumeak Ertzaintzari deitu zion. Osasun zentro batean sexu-erasoen arrastoak atzeman zizkioten, eta aurrerago, azpidebresio kronifikatua eta antsietate-depresio sintomak diagnostikatu dizkiote.

--------------------------------------------------------

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta / edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Lehenak arrastoa uzten du fakturan eta telefonoan; bigarrenak, telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Espainian Bizkaiko albisteak Delituak azken ordukoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak