Gizartea -
Lapurreta
Hiru pertsona atxilotu dituzte Aguraingo banku batean pistolaz lapurreta egiteagatik
Maiatzean jazotako lapurretan dirua ostu zuten hiru pertsona horiek, eta banketxeko langileei eta bezero bati sakelako telefonoak lapurtu zizkieten, eskuak lotu eta ahoa estali ostean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Hiru pertsona atxilotu dituzte ustez maiatzean Aguraingo banketxe batean lapurreta egiteagatik, eskuan pistolak zituztela. Dirua ostu ostean, alde egitea lortu zuten lapurrek. Horretarako, baina, langileei eta bezero bati ahoa estali eta eskuak lotu zizkieten.
Maiatzaren 8an gertatu zen lapurreta, 14:30 aldera. Ordu horretan, hiru atxilotuek arma laburrak eskuan hartu zituzten, eta langileei mehatxu egin zieten.
Esan bezala, dirua lapurtzea lortu zuten, eta banketxetik korrika atera ziren ondoren, beharginei eta bertan zegoen bezero bakarrari sakelako telefonoak kenduta, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Harrezkero, duela bi hilabete jazotako lapurreta ikertzen ibili da Ertzaintza. Horri esker jakin zutenez, hiru lapurrak Gipuzkoan bizi dira eta aurrekariak dituzte.
Behin epailearen baimena jasota, hiru pertsona horiek atxilotzeko operazioa abiatu zuten. Hasiera batean, horien etxebizitzak miatu zituzten, frogak bilatzeko asmoz.
Hain zuzen ere, asteazkenean hasi zuten miaketa, 07:00ak jota. Orduan, Pasaiako eta Andoaingo bi etxebizitzatan sartu ziren agenteak, eta bi lagun atxilotu zituzten. Goiz berean, hirugarren lagun bat atxilotu zuten Donostian.
Miaketetan, su-armak, plastikozko bridak eta eskularruak, eskuz idatzitako zenbait ohar, dirua eta lapurreta egin zuten egunean lapurrek soinean zeramatzaten arropak aurkitu zituzten.