Gizartea -
INDARKERIA MATXISTA
Akusazio partikularrak 300 urteko kartzela-zigorra eskatuko du Kote Cabezudorentzat
Argazkilari donostiarra 47 delitugatik auzipetu dute, tartean sexu askatasunaren delituengatik. Kote Cabezudok ikerketa prozesuaren baitan egin beharreko deklarazioa asteazkenera atzeratu dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Kote Cabezudo auzian, akusazio partikularraren abokatu Mario Diezek ostiral honetan iragarri duenez, oso litekeena da argazkilari donostiarrarentzat 300 urteko kartzela-zigorra eskatzea. Guztira, 47 delitugatik auzipetu dute, horietatik lau 1990eko hamarkadatik harekin lan egin zuten modeloen sexu askatasunaren aurkakoak izan ziren.
Donostiako Justizia Auzitegiaren atarian bildutako kazetarien aurrean hitz egin du Mario Diez abokatuak. Izan ere, ikerketa prozesuaren baitan deklaratzera deituta zegoen akusatua. Azkenean, ordea, datorren asteazkenera arte atzeratu da saioa Kote Cabezudok abokatu berria duelako eta denbora eskatu duelako.
Deklarazioa atzeratu bada ere, dozenaka lagun elkartu dira Donostiako Justizia Jauregiaren atarian biktimei babesa agertzeko.
Mario Diez abokatuak aurreratu duenez, epaiketa 2019ko udaberrian has daiteke. Dena dela, haren esanetan, Kote Cabezudori egozten zaizkion delitu guztiak zehaztu gabe daude oraindik, fiskalaren eta akusazio partikularraren idatzien zain. Mario Diez abokatuak salaketa jarri duten 21 emakumeetatik 16 ordezkatzen ditu.
Abokatuaren hitzetan, fiskala izango da egitateak kalifikatzen lehena eta, ondoren, akusazio partikularraren txanda izango da. Azaldu duenez, egin duen "azaleko kalkuluen" arabera, Kote Cabezudoren aurkako zigor eskaera 300 urtekoa da.
Fiskalaren ondotik, akusazio partikularra izango da egitateak kalifikatzen hurrena. Berak egindako kalkuluen arabera, ahozko epaiketa datorren urteko martxoan edo apirilean hasiko da.
Cabezudoren aurkako lehen ahozko saioan gertatu bezala, litekeena omen da ateak itxita egitea eta biktimen datuak zabaltzeko debekua ezartzea.