Gizartea -
Mobilizazioa
Protesta 'zaratatsua' deitu dute Donostian Woody Allenen filmatzearen kontra
Filmatzearen kontra elkarretaratzea antolatu dute hiriburuko hainbat plataformek astearterako (18:00etan, Kontxako erlojuetan).
EITB.EUS
Donostiako hainbat elkartek "kontzentrazio zaratatsua" antolatu dute astearterako Woody Allen AEBko zuzendari ezaguna hiriburuan egiten ari diren filmatzearen kontra.
Protesta 18:00etan izango da Kontxako erlojuetan. Antolatzaileek bi arrazoi nagusi aipatu dituzte mobilizazioa deitzeko. Batetik, "hiriaren nazioarteko promoziora zuzendutako ekimen" horrek epe labur eta ertainera "donostiarren bizi-baldintzetan kalteak sortzeko moduko" turismoaren hazkundea eragin dezakeelako. Bestetik, nazioarteko hainbat talde eta mugimendu feministek egindako eskaerari jarraiki, zuzendariarekin "harreman ofizial oro eten" beharko litzatekeela iruditzen zaielako. Dylan Farrow Allenen alabak salatu duenez, aitak bortxatu egin zuen zazpi urte zituenean.
Honakoek egin dute deialdia: Bizilagunekin plataformak, Ernai gazte antolakundeak, Hotel+Ez mugimenduak, eta Medeak taldeak, Donostiako Bilgune Feministak, Garaipen emakumeen elkarteak eta Groseko asanblada feministak.
Salatu dutenez, erakunde publikoek "erraztasun guztiak" eskaini zaizkio Alleni "Donostiarentzat ona" delakoan eta, bien bitartean, "bertako herritarrok auzolanean antolatzen ditugun ekimenek (jaiak kasu) zailtasun handiak topatzen dituzte, ez baitira negoziorako tresnak".
"Donostiara turismo gehiago erakartzeko ekimen oro bertan behera uzteko eskatzen dugu. Sustapen turistikora zuzendutako aurrekontu publikoa ezabatzea beharrezkoa da, hiriak jasan ezin duen neurritik gora dagoelako eta atzera bueltarik gabeko kalteak sortu baino lehen", adierazi dute.
Bestalde, "sexu abusuak egiteagatik salatutako erasotzaile bati" egindako harrera salatu dute komunikabideei bidalitako oharrean: "Ezin dugu onartu, egun batean Woody Alleni harrera egitea eta aste berean erasoen aurkako udako kanpaina aurkeztea. Horri 'zuriketa morea' esaten zaio". Horrenbestez, Allen bezalako erasotzaileei harrerarik ez egitea eta babesik ez ematea exijitzen dugu.
"Donostiarrak ez gara figuranteak"
Protestaren antolatzaileen iritzian, "Donostia ez da pelikula bateko dekoratua eta donostiarrak ez gara figuranteak. Ezta turistak ere". Kritikatu dute erakunde publikoek "gure hiria salgai" jarri dutela, Donostia "negoziorako hiri bat" bihurtuta, eta herritarren "bizimodua eta bizitzak jokoan" jartzen dira.