Gizartea -

Gastronomia

Anthony Myint sukaldari estatubatuarrak Basque Culinary Prize saria jaso du

Joan Roca eta Jock Zonfrillo sukaldariek eman diote saria, 'Sustainable Thinking' sinposioaren markoan, San Frantziskon (Kalifornia, AEB).

Anthony Myint sukaldari estatubatuarra. Irudia: Irekia
Anthony Myint sukaldari estatubatuarra.
Anthony Myint sukaldari estatubatuarra. Irudia: Irekia

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Anthony Myint sukaldari estatubatuarrak, ZeroFoodprint sukaldaritza jasangarriko ekimenaren sortzaileak, Basque Culinary Award sarien laugarren edizioa irabazi du. Sari banaketa astearte honetan egin dute San Frantziskon (Kalifornia, AEB).

Joan Roca (Celler de Can Roca) eta Jock Zonfrillo (Orana) sukaldariek eman diote saria, 'Sustainable Thinking' (Pentsamendu Jasangarria) sinposioaren markoan. Saria Basque Culinary Centerrek (BCC) eta Eusko Jaurlaritzak sortu dute.

"ZeroFoodprint munduko jatetxerik onenekin elkarlanean ari da, klima aldaketari aurre egiteko konponbideak sortzeko. Karbono arrasto zero jatetxeak bihurtzen ari dira", azpimarratu du irabazleak.

Ikerketa eta tresna praktikoak uztartuz, Myint jatetxeekin elkarlanean ari da, ingurumenean eragina murrizteko saiakeran. Anthony Myintek 100.000 euro jasoko ditu, gastronomiaren botere eraldatzailearen ikur izango den egitasmoren baten inbertitzeko.

Eusko Jaurlaritzak jakitera eman duenez, ZeroFoodprint eta Perennial Farming Initiative proiektuaren bidez, jatetxeen eta ingurumenaren arteko harreman aztertzen du Myintek. Karbono arrastoa murrizteko aukera bideragarriak planteatzen dizkie elikagai enpresei, baita karbono isuririk ez sortzeko ere.

Munduko dozenaka jatetxe konbentzitu ditu dagoeneko, jasangarritasunaren aldeko mugimenduarekin bat egiteko, besteak beste, Noma (Danimarka) eta Benu (San Frantzisko).

Myint ekonomialariak, bere emazte Karen Leibowitz kazetariarekin batera, ingurumenaren aldeko ekintza bultzatu du bere ibilbidea Mission Street Food jatetxe ospetsuan hasi zuenetik, 2008an.

Basque Culinary Prize sariaren irabazlea "benetan hunkituta" azaldu da, sariak elikadura munduko irtenbide baikorretan arreta jarri duelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gastronomia Eusko Jaurlaritza Ameriketako Estatu Batuak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Basque Culinary Center