Gizartea -
Genero indarkeria
Sexu erasoa jasan duela salatu du emakume batek Barakaldon
Udalak bat egin du mugimendu feministak arratsalderako Herriko Plazan deitutako elkarretaratzearekin, eta "indarkeria matxistari erantzuteko" deia egin die herritarrei.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Barakaldoko emakume batek igandean sexu erasoa jasan zuela salatu du. Ondorioz, Ertzaintzak ikerketa abiatu du, gertatutakoa argitze aldera.
Segurtasun Sailak baieztatu egin du Barakaldoko bizilagun batek salaketa jarri zuela sexu erasoa jasan ondoren, baita horren gainean hasitako ikerketa ere. Halere, ez du erasoari buruzko datu gehiagorik eman.
Bestalde, Barakaldoko Udaleko bozeramaileen batzordeak jazotakoa gaitzetsi du, biktimari babes osoa eskaini dio eta udal baliabide guztiak haren esku jarri ditu.
Gainera, Udalak bat egin du mugimendu feministak arratsalderako Herriko Plazan, 18:00etan, deitutako elkarretaratzearekin, eta "indarkeria matxistaren aurka buru-belarri" jarduteko eskatu die herritarrei, "berdintasunezko Barakaldo eraiki dezagun".
"Barakaldoko Udalak gogorarazi nahi du indarkeria matxista dela emakumeen eta gizonen artean bizi dugun ezberdintasun egoeraren ondorio larriena", esan du ohar baten bitartez. Hori dela eta, "tinko arbuiatzen dugu emakumeen osotasunaren, sexu askatasunaren eta bizitzaren kontrako edozein motatako ekintza edo jarrera".
___________________________________________________________________________________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta / edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Lehenak arrastoa uzten du fakturan eta telefonoan; bigarrenak, telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.