Gizartea -

SANFERMINAK

'Gaixoa ni' abestuz eta zerua kandelekin argituz agurtu dituzte sanferminak Iruñean

Gauerdian, La Pamplonesa Iruñeko musika bandaren ordezkariak eta Iruñeko alkatea udaletxeko balkoi nagusira atera dira, jaien amaiera iragartzeko.

'Gaixoa ni' abestuz eta zerua kandelekin argituz agurtu dituzte sanferminak Iruñean. Argazkia: EFE
'Gaixoa ni' abestuz eta zerua kandelekin argituz agurtu dituzte sanferminak Iruñean. Argazkia: EFE
‘Gaixoa ni’k amaiera eman die 2019ko sanferminei, 9 egun iraun duen festaren ostean

12:27

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka iruindar eta bisitari bildu dira gauerdian Iruñeko Udaletxeko plazan eta inguruetan, kandelen argiarekin zerua argiztatu eta 2019ko sanferminak agurtzeko. Urtero bezala, ‘Gaixoa ni’ abesti tradizionala kantatuz eman diete amaiera bederatzi egun iraun duten jaiei.

Gauerdian, udaletxeko balkoi nagusira atera dira La Pamplonesa Iruñeko musika bandaren ordezkariak eta Enrique Maya Iruñeko alkatea, zapi gorriak lepotik kendu eta jaien amaiera iragartzeko. Mendeurrena bete duten urte honetan, beraiek izan zuten sanferminei hasiera eman eta txupinazoa jaurtitzeko ardura.

Iruñeko alkateak azken ekitaldiaren protagonismoa bereganatu du, eta honakoa esan du balkoira irten denean: "Iruindarrak, amaitu egin dira jada 2019ko sanferminak, munduko jairik onenak. 2020ko sanferminei hasiera emateko gutxiago falta da. Gora San Fermin". Hala, uztailaren 6an, datorren urteko sanferminei hasiera eman eta txupinazoa botatzeko "egun gutxiago" falta direla nabarmendu du.

Ondoren, udaletxeko plazan bildu diren iruindarrek eta bisitariek zapi gorria kendu dute lepotik, datorren urtera arte gordetzeko. ‘Gaixoa ni’ abestu ostean, bertaratutakoak "1 de enero, 2 de febrero" kanta itxaropentsua abestu dute.

Bederatzi egun hauetan, kolore zuria eta gorria nagusitu dira Iruñeko kaleetan, eta milaka lagunek izan dute aukera hirian antolatutako 500 ekitalditan parte hartu eta kaleko festa giroaz gozatzeko.

Entzierroez gain, San Ferminen omenezko prozesioa, su artifizialak, kontzertuak, erraldoi eta buruhandien konpartsaren irteerak eta adin guztietako herritarrentzako jarduerak antolatu dituzte aurtengo sanferminetan.

Jaiak amaitzearekin batera, lehenengo balorazioak iritsi dira, eta Enrique Maya Iruñeko alkateak "normaltasuna" eta giro ona nagusitu direla azpimarratu du. Baina jaiak ilundu dituzten gertaera batzuk ere egon dira; emakume batek salatutako sexu-erasoa, txupinazoan izandako liskarrak eta San Fermin eguneko prozesioan entzundako oihuak, esaterako.

Halaber, sanferminetako entzierroan parte hartu ohi duten hainbat korrikalarik eserialdia egin zuten bosgarren lasterketa hasi aurretik, zezenek azkenaldian hartzen duten abiaduragatik protesta egiteko. Lasterkari batzuk kexu dira entzierroetara entrenatuta iristen diren zezenek erritmo biziegia eramaten dutelako eta korrikaldian zehar joaldunen artean babestuta joaten direlako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Albisteak Nafarroa Sanferminak Iruñean Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Sanferminetako egitaraua Sanferminetako entzierroa Iruñeko Udala