Gizartea -

Sanferminak 2019

Aurtengo sanferminetan ‘normaltasuna’ nagusi izan dela nabarmendu du Iruñeko alkateak

Enrique Mayak azaldu duenez, aurten, Sanferminetan bi asteburu egon direnez, aurreko urteetan baino bisitari gehiago izan dira hirian.

Enrique Maya, txupinazoaren egunean. Argazkia: EFE
Enrique Maya, txupinazoaren egunean. Argazkia: EFE
Enrique Maya, txupinazoaren egunean. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2019ko Sanferminen amaierarekin batera, aurtengo jaietako lehen balorazioa egin du Enrique Maya Iruñeko alkateak. Kazetarien aurrean egindako agerraldian, sanfermin hauetan “normaltasuna” eta giro ona nagusitu direla azpimarratu du. Alabaina, jaiak ilundu dituzten gertaera jakin batzuk ere egon dira, hala nola, emakume batek salatutako sexu-erasoa, txupinazoan izandako liskarrak edota San Fermin eguneko prozesioan entzundako oihuak.

Dena dela, Iruñeko alkatea pozik agertu da aurtengo sanferminekin; batez ere kaleen garbiketarako prestatutako operatibo bereziarekin eta baimenik gabeko saltzaileei mugak jartzeko egindako lanarekin.

Alabaina, txupinazoaren egunean ikurrinarekin bizi izan ziren tentsio handiko uneak gogora ekarri ditu Mayak, baita San Fermin eguneko prozesioan Curia kalean bildutako hainbat lagunek “faxistak” edota “putakumea” oihukatu ziotenean. Ildo horretatik, UPNko zinegotziak iraindu zituzten herritarrak “gutxi batzuk” izan zirela nabarmendu du.

Emakume batek salatu duen sexu-erasoaren harira, Mayak nabarmendu du salaketak bere bidea jarraituko duela. Hala, emakume horrek “arrazoia duela frogatzen bada, erasotzailea epailearen aurrera eraman dezatela” eskatu du.

Mayak azaldu duenez, aurten, Sanferminetan bi asteburu egon direnez, aurreko urteetan baino bisitari gehiago izan dira hirian.

Asironek kaleko giroa nabarmendu du

Bestalde, Joseba Asiron EH Bilduko bozeramaileak jaien balorazio “oso positiboa” egin du, izan ere, “oso giro ona” ego da kalean, eta “istilurik ez dela egon ikusi ahal izan da”.

Azpimarragarriena txupinazoaren egunean udaletxearen balkoian izandako gertakizunak direla esan du Asironek, izan ere, zinegotzi batzuk ikurrina ateratzen saiatu zirenean bizi izandako tentsio uneak "egungo alkatearen erantzukizun zuzena" izan zirela ziurtatu du.

Iruñeko alkate ohiak, halaber, festen "egitarauaren arrakasta" azpimarratu du, eta “ekitaldien % 99  hauteskundeen aurretik itxita” zeudela gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea azken orduko berriak Nafarroa Enrique Maya Sanferminak Gizartea Joseba Asiron Eguneko albisteak Albisteak Jaiak Jai egitaraua: San Fermin