Gizartea -
BIDAIA OFIZIALA
Urkulluk euskal politiken aurrerapenak aurkeztuko ditu New Yorken, NBEren egoitzan
Euskadi High Level Political Forum (HLPF) 2019 ekitaldira gonbidatu dute. Horretan, Agenda 2030en eta Garapen Iraunkorrerako Helburuen ezarpenean izandako aurrerapenak aurkeztuko ditu Urkulluk.
AGENTZIAK|ERREDAKZIOA
Iñigo Urkullu lehendakariak New Yorkerako bidaia ofiziala hasiko du uztailaren 15ean, Nazio Batuen 2019ko "High Level Political Forum" (HLPF) ekitaldian parte hartzeko. Ekitaldi horretan, Euskadin garapen iraunkorraren arloan gertatzen ari diren aurrerapenak aurkeztuko ditu.
Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkariarekin eta Jorge Fernandez Euskadiren Estatu Batuetako ordezkariarekin batera, Agenda 2030 eta NBEko Garapen Iraunkorrerako Helburuak (GIH) ezartzean jaso diren aurrerapenen berri emango du lehendakariak.
Nazio Batuen ekitaldi horretan, beste hainbat gonbidatuk ere parte hartuko dute: Nazio Batuen zenbait agentziatako ordezkariak (UN Habitat, OIT eta Global Compact, esaterako), EBko goi ordezkariak, eta Norvegiako, Suitzako, Tunisiako gobernuetako ordezkariak, besteak beste.
Zehazki, Estatuz Kanpoko Gobernuen zeregina aldarrikatuko du Iñigo Urkulluk. Horrez gain, Agenda Euskadi Basque Country 2030 aurkeztu eta Bonu Iraunkorren ekimenaren berri emango du. Bonu horien bidez, guztira 1.100 milioi euro bereganatu ditu Eusko Jaurlaritzak, bi jaulkipenetan, Agenda 2030ari lotutako gizarte- eta ingurumen-proiektuak finantzatu ahal izateko.
Programa
Uztailaren 15ean, 09:00etan, HLPFn hitz egingo du lehendakariak, Nazio Batuen egoitzan. Arratsaldean, 16:30ean, Phil Thompson New Yorkeko alkateordearekin batuko da Alkatetzaren egoitzan, City Hall Parkean.
Hurrengo eguneko goizean, 06:00etan, Urkulluk bideokonferentzia bitarteko bilera bat izango du, Eusko Jaurlaritzak New Yorken duen ordezkaritzan. 10:00etan, Nazio Batuen egoitzan beste hitzaldi bat emango du; kasu horretan, "Local Action for Global Commitments" izeneko ekitaldi irekian.
Ondoren, 15:00etan, Zibilizazioen Aliantzarako goi-ordezkari Miguel Angel Moratinosekin bilera izango du UNAOCen egoitzan.
Azkenik, New Yorken bizi den euskal komunitatearekin batuko da, Millenium Hilton hotelean.