Gizartea -

INDARKERIA MATXISTA

Jaietan jasotzen diren eraso matxisten aurkako kanpaina aurkeztu du Donostiako Udalak

Aurtengo kanpainaren leloa ‘Baietzik gabe Ezetza da! Si no hay sí ¡es No!’ da. Karmengo jaietan hasiko da eta Eguberriak arte iraungo du. Aste Nagusian eta Euskal Jaietan, arreta berezia jarriko dute.

Eneko Goia eta Duñike Agirrezabalaga, kanpainaren aurkezpenean. Argazkia: Donostiako Udala.
Eneko Goia eta Duñike Agirrezabalaga eraso sexisten kontrako kanpainaren aurkezpenean.
Eneko Goia eta Duñike Agirrezabalaga, kanpainaren aurkezpenean. Argazkia: Donostiako Udala.

AGENTZIAK|ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Festa egunetan, zoritxarrez, maizago izan ohi diren eraso matxistei aurre egiteko kanpaina prestatu du Donostiako Udalak. ‘Baietzik gabe Ezetza da! Si no hay sí ¡es No!’ leloa izanik, Karmengo jaietan hasiko da kanpania. Estrategia eguberrietan bukatuko da eta, Aste Nagusian zein Euskal Jaietan, arreta berezia jarriko dute.

Gipuzkoako hiriburuko alkateak, Eneko Goiak, eta Berdintasuneko, Solidaritateko eta Eskubide Zibiletako zinegotzi ordezkariak, Duñike Agirrezabalagak, aurtengo plana aurkeztu dute. Goiak aipatu duenez, “penagarria izan arren, honelako kanpainak beharrezkoak dira oraindik”. Kanpaina Donostiako Udaleko Berdintasun Departamentuak egin du, iazkoaren ildo beretik.

Planaren helburuak hauek dira: indarkeria matxista prebenitzea, biktimen arreta hobetzea eta haientzako baliabide gehiago eskaintzea, aurreko kanpainen ahultasunak saihestea eta, bukatzeko, neskak eta emakumeak ahalduntzea.

Kanpainako ekintzak

Hiri osoko zerbitzu publikoen laburpenarekin batera, eraso matxisten aurkako protokoloa banatuko dute Donostiako postontzietan. Eraso baten aurrean jarduteko modua erraztea da ekintza horren asmoa, hots, bizilagunei tresnak ematea nola jardun behar duten jakin dezaten.

Arreta berezia jarriko dute gazteengan, errespetua eta berdintasuna oinarria duten erlazioak eraiki ditzaten. Horretarako, liburuxkak banatuko dituzte, erasoak eta tratu txarren erlazioak saihesteko gomendioekin. Gainera, txapak, tatuajeak eta eskumuturrekoak ere banatuko dituzte.

Bestetik, Road show edo informazio gune bat jarriko dute; besteak beste, Karmengo jaietan, Jazzaldian, Euskal Jaietan eta estropadetan.

Ostalarien eta taxi zerbitzuen sektoreekin lankidetzan, pegatinak eta ezpain-zapiak banatuko dira kanpainaren lemarekin eta jardunbide protokoloarekin, besteak beste. Horrez gain, busen pantailetan, kanpainaren publizitatea jarriko dute, arreta eskaintzeko telefono zenbakiekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Donostiako Aste Nagusia Donostiako azken albisteak Indarkeria matxista Espainian Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Jazz jaialdiak albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa gaur Gizon eta emakumeen arteko berdintasuna