Gizartea -

Indarkeria matxista

Akordio batekin itxi dute engainuz emakumeen argazkiak lortzeagatik abiatutako auzia

Salaketa aurkeztu zuten emakumeek eratutako Tximeleten Reboluzioa taldeak gutuna igorri du prozesuaren balorazioa egiteko. Sexu erasoen 'hausnarketa zabalagoa' eskatu dute.

'Tximeleten reboluzioa' taldekoek duela urtebete emandako prentsaurrekoa. Argazkia: Argia
'Tximeleten reboluzioa' taldekoek duela urtebete emandako prentsaurrekoa.
'Tximeleten reboluzioa' taldekoek duela urtebete emandako prentsaurrekoa. Argazkia: Argia

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Akordio judizial batekin itxi dute duela bi urte Haritz Varelaren, Sortuko eta Donostiako Piraten militante ohiaren, kontra 10 emakumek aurkeztutako salaketaren harira zabaldutako auzia. Engainua eta boterekeria baliatuta, biluzik argazkiak ateratzea lortu zuen gizonak. Tximeleten Reboluzioa taldea sortu zuten biktimek, eta gaur, gutuna igorri diete komunikabideei (tartean, eitb.eus-i) akordioaren berri emateko eta prozesuaren balorazioa egiteko. Euren ustez, kasuak agerian utzi du beharrezkoa dela eraso sexistez "hausnarketa zabalagoa" egitea.

Agirian diotenez, Varelak egin zuena "aitortu eta berriro gerta ez dadin lanketa profesionala abiatzea" onartu du. Dena dela, ez hurbiltzeko eskatu diote: "Askorentzat zauriak zabalik dirau oraindik, eta badakigun arren ezin zaiola pertsona bati heriotza sozialik opa, oraindik ez gaude prest zurekin parez pare topo egiteko". Hori horrela, "distantzia hori errespetatzea" eskatu diote.

Nabarmendu dutenez, prozesu honetan "kolektiboak" izan dira "sendabidera eraman" dituen bide gehienak, eta horregatik sortu zuten Tximeleten Reboluzioa taldea. Izan ere, ez dute "justizia sistema espainiar eta matxistan sinisten, ezta zigorrean oinarritutariko erreparazioan ere", eta ondorioz, kalte ordainei uko egitea erabaki dutela jakinarazi dute.

Euren kasuaz harago, "botere harremanen, militantzia ereduen, genero sistemaren eta oro har eraso sexual eta sexisten inguruko hausnarketa zabalagoa" egin beharra dagoela uste dute. Azkenik, eskerrak eman dituzte bi urte hauetan jasotako "elkartasun eta berotasunagatik".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Indarkeria matxista Sortu Gipuzkoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Feminismoa gaur Eraso sexualak gaur