Gizartea -

Iruzurrak

Jaurlaritzak Internetez erosten diren sarrera faltsuen aurkako kanpaina abiatu du

Segurtasun Sailak antolatzaileek baimendutako webguneetan erostea eta webgune horiek kudeaketa gastuak aurrez ezarriak izatea eskatu du.

Jamie Cullum ikusteko sarrerak. Argazkia: EITB
Jamie Cullum ikusteko sarrerak. Argazkia: EITB
Jamie Cullum ikusteko sarrerak. Argazkia: EITB

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Saileko Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak Internetez erosten diren sarrera faltsuen aurkako kanpaina jarri du abian.

Hala, Jaurlaritzak herritarrei eskatu die sarrerak antolatzaileek baimendutako webguneetan erostea eta webgune horiek kudeaketa gastuak aurrez ezarriak izatea. Kontzertu, antzezlan, musikal, kirol ikuskizun eta bestelako ekitaldi guztietan bide horietara jotzea aholkatu du.

Era berean, Segurtasun Sailak gomendatu du erabiltzaileek egiaztatzea webgune egokian daudela, eta ez daudela antzekoak diren beste atari batzuetan. Gainera, prezioak edo baldintzak gehiegizkoak badira, erosketa prozesua eteteko eskatu du.

Legeak agintzen duenaren arabera, antolatzaileek jakinarazi egin behar dute non salduko dituzten sarrerak, baita ikus-entzuleei aurrez aurre zuzenean salduko dizkietenak ere, eta guztiek jaso beharko dute, gutxienez, informazio hau: agindu zenbakia, antolatzailearen izena, ikuskizuna edo jarduera, lekua, data, hasiera eta amaiera orduak, jarleku mota eta zenbakia, eta itzultze baldintzak.

Bestalde, partikularren arteko birsalmentan prezioa ezin dela garestitu gogorarazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kontzertuen argazkiak Gizartea Eguneko albisteak Kultura Albisteak