Gizartea -
Uholdeak Tafallan
Kalteak 16 milioi eurokoak izan daitezkeela kalkulatu du Aseguruen Partzuergoak
Perituak kaltetuekin harremanetan jartzen hasi dira eta uholdeak izan diren herrietara bertaratu dira.
GAIZKA PALACIOS | EITB.EUS
Hiru egun igaro dira urak Tafalla, Erriberri edo Puiu bezalako herriak aurretik eraman zituenetik, eta herritarrek eta erakundeek garbiketa lanetan eta kalteak zenbatzen segitzen dute.
Aseguruen Konpentsaziorako Partzuergoak -Espainiako Gobernuaren menpeko erakunde publikoa- guztira 2.000 indemnizazio-eskaera inguru izango direla eta kalteengatik 15-16 milioi euro ordaindu beharko dituztela aurreikusi du. Eskaera horietatik 450 bat ibilgailuei lotuta egongo lirateke; 1.300, etxebizitzei eta komunitateko jabetzei; eta 250, bulegoei, dendei eta lantegiei.
Gauzak horrela, 50 perituz osatutako lantaldea eratu dute, eta dagoeneko hasi dira kaltetuekin harremanetan jartzen eta uholdeak izan diren herrietara bertaratzen, kalteak zenbatzeko.
Ildo horretan, Aseguruen Partzuergoak azpimarratu du oso garrantzitsua dela aseguru-polizak kalteak estaltzen dituela erakusten duen ziurtagiria eta poliza ordainduta dagoela frogatzen duen dokumentua ematea perituari.
Hondamendiaren ondotik 892 erreklamazio jaso dituzte, eta datozen egunetan kopuru horrek gora egingo duela espero dute.
Gaur arte jasotako eskaeretatik, 481 etxebizitzei buruzkoak dira; 276, ibilgailuenak; 127, denda, biltegi eta industrialak ez diren lokalei lotutakoak; zazpi, lantegienak; eta azkena, obra zibil batena.
Herriz herri, erreklamazio gehienak Tafallan egin dituzte: 536. Erriberrin ¿158 kasu izan dira; 88, Pitillasen; 38, Beiren, 19, Puiun; eta 17, San Adrianen. Beste udalerri batzuetan ere izan dira kalte bakanak.
Ordainketak egiteko epea
Bestalde, Alejandro Izuzquiza Aseguruen Konpentsaziorako Partzuergoko operazio zuzendariak eitb.eus-i azaldu dionez, lehendabiziko ordainketak "7-10 egunetan" egingo dituzte, "ezustekorik ezean", kontu korronte bidez.
"Eskaerak garaiz egiten badira eta kasu konplexurik ez badago, kalte-ordain guztiak ordaintzeko prozesua gehienez lau hilabeteko epean amaituta egon beharko litzateke", erantsi du.
Indemnizazioak erreklamatzeko eskariak telefonoz (900 222 665) edo Aseguruen Partzuergoaren webgunearen bidez egin daitezke. Eskaera horiek kaltetuek, bitartekariek nahiz aseguru-etxeek gauzatu ditzakete.
Aseguruen Partzuergoak nabarmendu du erreklamazioak egiterakoan oso garrantzitsua dela kaltetutako ibilgailua non dagoen zehaztea (kalea edo garajea), kalteen argazkiak ateratzea eta konponketaren aurrekontuak edo fakturak erakustea.