Gizartea -
Zientzia
Eurasian izandako lehen gizaki modernoaren arrastoak topatu dituzte Grezian
Gizaki moderno primitiboak Afrikatik kanpo sakabanatu zirela dioen hipotesia babestuko luke aurkikuntza honek. Grezia hegoaldean dagoen Apidima haitzuloan aurkitu dituzte bi fosilak.
Agentziak | Erredakzioa
Grezian topatutako 210.000 urte inguruko garezur batek gizaki modernoak Eurasian uste baino lehenago izan zirela irudikatzen du, Nature aldizkariak zabaldu duen ikerketa baten arabera.
70eko hamarkadaren amaieran, Grezia hegoaldean dagoen Apidima haitzuloan, bi garezur aurkitu zituen Atenasko Unibertsitateko Antropologia Museoko ikertzaile talde batek. Bi fosilak oso gertu aurkitu zituzten, eta Apidima 1 eta Apidima 2 izendatu zituzten.
“Apidima 2 fosilak 170.000 urte inguru ditu. Neanderthal baten garezurra dela ondorioztatu genezake”, esan du Katerina Harvati Alemaniako Tubingengo Unibertsitateko ikertzaileak. “Harrigarria bada ere, Apidima 1 fosila askoz ere zaharragoa da, 210.000 urte inguru ditu, baina ez du Neanderthalen ezaugarririk”, azaldu du Harvatik. Azterlanak ondorioztatu duenez, Eurasian inoiz aurkitu den Homo Sapiensik zaharrena izango litzateke, izan ere, gizaki modernoarekin eta arkaikoarekin bat datozen ezaugarriak nahasten ditu.
“Gure emaitzek iradokitzen dute gutxienez bi espezie bizi zirela gaur egun Grezia hegoaldea den inguruan: Homo Sapiensen populazio goiztiarra eta, geroago, Neanderthalgo talde bat”, esan du Harvatik. Honek, gizaki moderno primitiboak Afrikatik kanpo sakabanatu zirela dioen hipotesia babestuko luke, non eboluzionatu zuten.
“Apidima 1 fosilak uste baino lehenago gertatutako sakabanaketa goiztiarra erakusten du, eta geografikoki urrutiagora iritsi zela, Europara”, azaldu du Harvatik. Izan ere, orain arte Europan identifikatu diren giza garezurrenak baino 150.000 urte zaharragoa da Apidimia 1.
“Ekialde Hurbilean bezala, Apidima 1ek irudikatutako giza populazio modernoa Neanderthalek ordezkatu zuten. Grezia hegoaldean izan zirela frogatuta dago, baita leku berean aurkitutako Apidima 2 garezurraren aurkikuntzarekin ere”, ziurtatu du Harvatuk.
Ikertzaileek teknika berritzaileak erabili dituzte bi garezurrak birtualki berreraiki eta aztertu ahal izateko. Hala, Apidima haitzuloan aurkitutako bi fosilak giza fosil ezberdinekin alderatu dituzte, eta zehaztasun handiko datazio erradiometrikoa erabili dute bakoitzaren adina zehazteko.