Gizartea -
Uholdeak
Hondamendi egoera ezarri du 13 herritan Nafarroako Gobernuak
Gainera, ostegun honetan egindako bileran adostutakoa betez, kaltetutako 13 udalerrietan babes zibileko larrialdi egoera ezartzea eskatuko diote Estatuko Administrazioari.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nafarroako Gobernuak ezohiko bilera egin du ostegun honetan, Foru Erkidegoaren erdialdean hondamendi egoera ezartzeko, asteleheneko uholde larrien ondorioz.
Hondamendi eremu izendatzeko akordioan, Babes Zibilak eta suhiltzaileek egindako txostenak hartu dituzte ardatz, baita Barasoaingo, Ezporogiko, Garinoaingo, Leotzeko, Lergako, Erriberriko, Orisoaingo, Murillo el Cuendeko, Pitillasko, Puiuko, Zareko, San Martin Unxeko eta Tafallako Udalek egindako eskaerak ere. Horixe da, hain zuzen, Maria Jose Beaumont Lehendakaritza, Funtzio Publiko, Barne eta Justiziako kontseilariak, Mikel Aranburu Ogasun eta Finantza Politikako kontseilariak eta Isabel Elizalde Landa Garapen, Nekazaritza eta Abeltzaintzako kontseilariak prentsaurreko batean esan dutena.
Bertan, Aranburuk azaldu du, Nafarroako Gobernuak Imarkoaingo bidesaria kentzeko hartutako erabakiaren ondotik, Manu Ayerdi Garapen Ekonomikoko presidenteordea eta Audenasa neurri horrek dakartzan kalte-ordainei buruz arituko direla.
Bestalde, Beaumontek esan du, ostegun honetan egindako bileran adostutakoa betez, kaltetutako 13 udalerrietan babes zibileko larrialdi egoera ezartzea eskatuko diotela Estatuko Administrazioari.
Aipatu udalerrietan izan den "muturreko larrialdi egoeraz" jabetuta hartu dute erabaki hori. Izan ere, hainbat tokitan elektrizitate gabe gelditu dira eta ur araztegietan zein errepideetan sekulako kalteak eragin dituzte uholdeek.