Gizartea -
EGURALDIAREN IRAGARPENA
Udako giroa nagusituko da asteburu honetan
Ostiraleko gehienezko tenperaturak 30º C ingurukoak izango dira barnealdean, eta 25º C ingurukoak kostaldean. Larunbatetik aurrera, ezegonkortasuna handituko da eta tenperaturek behera egingo dute.
EITB.EUS
Euskalmet euskal meteorologia agentziaren arabera, eguraldi eguzkitsua egingo du ostiralean; gehienezko tenperaturak 30º C-ra helduko dira barnealdean eta 25º C-ra kostaldean. Larunbatean, tenperaturak jaitsi egingo dira eta baliteke zaparradaren bat jasotzea. Hala ere, bero egingo du.
Kostaldean, behe-hodei batzuk sor daitezke, batez ere, ostiralean goizez. Dena den, gainerako orduetan eta barnealdean, zerua urdin ikusiko da. Haizeari dagokionez, hasieran aldakor ibiliko da, baina iparraldetik finkatuko da arratsaldean.
Gehienezko tenperaturak barnealdean jasoko dira. Iruñean, tenperatura maximoa 34º C-koa izango da eta minimoa 15º C-koa. Gasteizen, gehienezko tenperatura 32 gradukoa eta gutxienezkoa 10 gradukoa izango direla iragarri dute. Bestetik, Bilbon, gehienezko tenperatura 27 gradukoa izango da eta gutxienezkoa 17 gradukoa. Kostan, eguraldia ez da hain berotsua izango. Esaterako, Donostian, gehienezko tenperatura 24º C-koa izango da, eta gutxienezkoa 16º C-koa.
Larunbat goizean, ez da aldaketa nabarmenik igarriko; eguzki giroa izango da. Arratsaldeak aurrera egiten duen heinean, ezegonkortasuna areagotzen joango da eta zaparrada trumoitsuak sor ditzaketen bero-hodeiak garatuko dira. Zaparrada horiek irregularki banatuko dira eta, zenbait tokitan, lau tanta baino ez dituzte botako. Haizea iparraldetik finkatuko da berriz ere.
Gehienezko tenperaturak larunbatean jaitsi egingo dira, barnealdean batez ere. Iruñean tenperatura altuagoak izango dira: 33 gradu inguruko maximoa eta 16 gradu inguruko minimoa izango dituzte. Gasteizen, berriz, tenperaturek bi gradu behera egingo dute, gehienezko tenperatura 30º C-koa eta gutxienezkoa 12º C-ko izango dira. Donostian eta Bilbon, gehienezko tenperatura gradu bat jaitsiko da eta gutxienezkoak berdin jarraituko du. Bilbon, 26º C-ko maximoa eta 17º C-ko minimoa izango dituzte eta; Donostian, berriz, 23º C-ko maximoa eta 17º C-ko minimoa.
Igandean, tenperaturek behera egingo dute eta hodeiak ugarituko dira, baina ez da zaparradarik egongo.