Gizartea -
Uholdeak Nafarroan
Tafalla kaleetako lokatza garbitzen eta kalteak zenbatzen ari da uholdeen ostean
Udalak hiru mahai jarri ditu martxan, normaltasuna berreskuratzen laguntzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Langile publikoak eta bizilagunak Tafallako kaleak garbitzen ari dira, asteleheneko uholdeen ondotik. Euri-jasek kalte material larriak utzi dituzte herrian. Lokatza eta zaborra kentzen eman dute biharamuna. Etxabeak, garajeak, dendak, industriak eta kirol instalazioak urak hartu zituen.
Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko jarduneko lehendakariak hondamendi eremu izendatzeko eskaera lehenbailehen egiteko galdegin die uholdeek hondatutako udalei, Foru Gobernuak eta Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak udalerri kaltetuak hondamendi eremu izendatzeko izapideak egin ditzaten.
Herria hondamendi eremua izendatzeko eskatu du Tafallako Udalak, eta hiru mahai jarri ditu martxan, normaltasuna berreskuratzen laguntzeko.
Horrela, mahai tekniko bat osatu dute suhiltzaileek, Udaltzaingoak, Foruzaingoak eta Guardia Zibilak. "Elkartasuna handia izaten ari da, eta herri ezberdinetako brigadek laguntza eskaini digute", azaldu du Jesus Arrizubieta alkateak.
Bigarren mahai bat, herritarrak artatzeko bulego bezala antolatu du Udalak, udaletxeko beheko solairuan. Uholdeak kaltetutako bizilagunak artatuko dituzte bertan. "Eraikinen egoera aztertzeko lanean ari da Udaleko arkitektoa, ondo dauden ala ez ikusteko. Aurrena segurtasuna da", adierazi du alkateak. Zentzu horretan, Martin Espronceda kaleko eraikin bat hustu behar izan dute, zimendatze arazoak dituelako.
Hirugarren mahai bat kaleak garbitzeko euren burua eskaini duten boluntarioak hartzeko jarri dute martxan.
"Uraren mailak behera egin duenean errepidea horma zatiz eta txintxorrez beterik dagoela ikusi dugu", azaldu du Jesus Arrizubieta. "Tafallak normaltasun pixka bat berreskuratzeko gau osoa lanean eman dute, baina ez da egoera normala izango, irtenbide bat eman beharreko arazo ugari ditugulako", erantsi du.
Zidakos ibaiak 4 metroko altuera gainditu zuen gaueko azken orduan, 17:40 aldera Oliteko estazioak 0,11 metro markatu zituenean. Euri-jasek iragarpenak (40 litro) laukoiztu zituzten (Getadarko estazio meteorologikoak metro karratuko 160 litroak gainditu zituen astelehen arratsaldean eta Tafallakoak 100 litroak).
"Euri-jasa hain bortitzak izango zirenik esaten zuen abisurik edo iragarpenik ez genuen jaso", adierazi du alkateak. "Naturak ur kanoikadak bota ditu", azpimarratu du.
Bestalde, uholdeen ondorioz Ezporogin hil den gidaria Atarrabiakoa zen, eta 25 urte zituen, Foruzaingoak jakitera eman duenez. Korronteak bere ibilgailua eraman zuela esateko deitu zuen gazteak astelehenean, 20:30 aldera.