Gizartea -
Uholdeak Nafarroan
Kaltetutako gunea hondamendi eremu izendatzeko eskatu du Tafallako Udalak
Halaber, herritarren arretarako bulegoa zabaldu du, bizilagunei laguntzeko asmoz, eta jakinarazi du denbora batez haur-eskola itxita egongo dela.
EiTB.EUS
Astelehenean izandako uholdeak direla eta, Tafalla hondamen eremutzat hartzea eskatu du Jesus Arrizubietak, Nafarroako aipatu udalerriko alkateak, astelehen honetan emandako prentsaurrekoan. Gainera, herritarren arretarako bulegoa zabaldu du, bizilagunei laguntzeko asmoz, eta jakinarazi du denbora batez haur-eskola itxita egongo dela.
"Betidanik herri solidarioa izan da Tafalla. Ondo baino hobeto ulertzen dugu auzolan hitzaren esanahia, eta jakin badakigu herritarrek behar bezalako erantzuna emango dutela gertatutako hondamendiaren aurrean", esan du Udalak ohar baten bitartez.
Arrizubietaren esanetan, Udalak ez zuen inolako abisurik edo iragarpenik jaso bart izandako euriteei buruz, eta ibaiak oso denbora gutxian gora egin zuenez "ez genuen ezertarako denborarik izan". "Naturak kanoikadaka tirokatu gaitu", adierazi du.
"07:30ean bilera egin dugu, eta hiru mahai osatu ditugu Udalean; horietako bat, suhiltzaileen buruak zuzenduko du, jasotako laguntza guztiak koordinatze aldera. Bigarrena, berriz, herriko arkitektoak kudeatuko du. Hain zuzen ere, etxebizitzetan uholdeek eragindako kalte materialak zenbatzen eta balioztatzen ari da. Azkenik, garbiketa lanetan laguntzeko asmoz agertu diren boluntario guztiek hirugarren mahai bat osatu dute.
Alkateak azaldu duenez, urak hainbat etxebizitza eta eraikin hartu ditu eta kalte material handiak eragin ditu azpiegitura publikoetan eta oinarrizko zerbitzuetan. Udaleko arkitektoa ibaiaren ondoko eraikinak aztertzen ari da eta, horren arabera, gehien-gehienak baldintza onetan daude, zurkaizteko beharra duen gune bat salbu.
Uxue Barkos Nafarroako jarduneko presidentea, bestalde, Zidakos ibaiak gainez egin ostean kaltetutako udalerrietako alkateekin bilduko da goizean zehar.
Foru Gobernuak iragarritakoaren arabera, bilera horren helburua da Tafallan, Oliten, Puiun, Pitillasen eta Beiren euri-jasek eragindako kalteen berri izatea. Azken orduotan gidari baten gorpua aurkitu dute Ezporogin, urak eramanda.
Zidakos ibaiak 0,11 metroko altuera zeukan atzo, 17:40an. Gauean, berriz, 4 metroko garaiera hartu zuen, inguru horretan izandako prezipitazio handien ondorioz.