Gizartea -

Uholdeak Nafarroan

Zidakos ibaiak gainezka egin eta kalte material handiak utzi ditu Tafallan

Zidakos ibaiaren ur-goraldiak behera egin arte kalera ez ateratzeko gomendioa eman die Nafarroako Gobernuak Tafallako herritarrei. Urak kaleak hartu eta autoak eraman ditu, eta garajeetan sartu da.

Tafalla (Nafarroa). EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
Tafalla (Nafarroa).
Ekaitzek hainbat arazo eragin dituzte Nafarroako erdialdean

0:57

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euri-jasa bortitzek kalte material handiak utzi dituzte Tafallan. Herria ia inkomunikaturik dago; izan ere, ia sarbide guztiak itxita daude.

Nafarroako Gobernuko iturriek jakitera eman dutenez, oraingoz ez da inor zauritu, baina Tafallan kalte material handiak utzi dituzte uholdeek. Bizilagun batzuek gaua etxetik kanpo igaro beharko dute, euren etxebizitzetara heltzea ezinezkoa delako.

Zentzu horretan, herritik kanpo eguna pasa duten zenbait pertsona hartzeko ostatua prestatzen ari dira; izan ere, herrira itzuli direnean etxera ailegatzeko aukerarik ez zuten.

Zidakos ibaiaren ur-goraldiak behera egin arte kalera ez ateratzeko gomendioa eman die Nafarroako Gobernuak Tafallako herritarrei. Larrialdien berri emateko, 112 zenbakira deitzea edo My112 aplikazioa erabiltzea eskatu die.

Ibaiaren ur-goraldia 277 metro segundokoa dela jakinarazi dute, eta oraindik ez da egonkortu. Aragoi ibaiertzeko herrien alkateei abisua eman diete.

Alerta laranjaren iragarpenak (40 litro) hiru ordutan soilik hirukoiztu dituzte euri-jasek Zidakos ibaian eta Tafallaldean, Nafarroako Gobernuak azaldu duenez. Zidakosek 0,11 metroko altuera zuen 17:40 aldera, baina 22:20 aldera 3,71 metrora iritsi da.

N-121 errepidea itxi behar izan dute, baita Tafallako ipar eta hegoaldeko sarbideak ere. Etxabe, garaje eta soto ugari urak hartu ditu, baita enpresak ere, Luzuriaga esaterako. Urak kaleak hartu eta autoak eraman ditu, eta garajeetan sartu da.

AP-15eko 49, 50 eta 56 sarbideak ere itxita daude. Trenen zirkulazioa eten behar izan dute.

Nafarroako suhiltzaileak bertaratu dira. Era berean, Agustin Gastaminza Nafarroako Gobernuko Barne zuzendari nagusia eta Isabel Anaut Babes Zibileko zuzendaria Tafallan daude.

Cordovilla, Tafalla, Azkoien, Lodosa, Lizarra eta Tuterako suhiltzaileak bertaratu dira. Suhiltzaileen ur-erreskate taldea ere zonaldean dago.

Era berean, Milagroko Babes Zibileko taldea, Gurutze Gorria eta Dya Tafallara hurbildu dira.

Horrela, Foruzaingoak jakitera eman duenez, N-121 errepidea itxi behar izan dute Puiun ekaitzaren ondorioz.

San Adrianen aldi berean 20 kale itxi behar izan dituzte, Udaltzaingoko iturriek jakitera eman dutenez. Urak jabetza partikularrak hartu ditu, eta ibilgailu batzuetan kalteak eragin ditu.

Iruñean, euri-jasak Sanferminen normaltasunari eragin dio. Horrela, zezenketak bertan behera utzi behar izan dituzte. Basotxo kaleko jai esparrua istildu da.

Era berean, Sanduzelain uholdeak izan dira, Udaltzaingoko iturriek azaldu dutenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa Sanferminak Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Tafalla Albisteak Uholdeak Ekaitzak