Gizartea -
Rafa Castaños
Rafa Castañosen familiak bilaketarekin jarraitzeko eskatu dio Frantziari
Frantziak bilaketa lanetan dabiltzan pertsona kopurua murriztu du, eta epaileen esku utzi du kasua.
Agentziak | Erredakzioa
Larunbatean Pirinioetan desagertutako Rafa Castaños mendizale bizkaitarraren familiak bilatzeko lanei baliabide kopuru berarekin ekiteko eskatu dio Frantziari.
Mendizalearen familiak dioenez, Frantziak bilaketa lanetan dabiltzan pertsonen kopurua murriztu du, eta epaileen esku utzi du kasua.
Horregatik, familiak elkarretaratzea deitu du gaur arratsalderako, 19:00etarako, Santurtziko Kabiezes auzoko plazan, Castañosen auzoan, eta bihar beste bat egingo dute erdigunean.
Bilaketaren arduraduna den Gavarnieko Segurtasun Konpainia helikopteroz eta oinez aritu da mendizale bizkaitarraren bila.
Frantziako erreskate taldeak Jendarmeriaren Goi Mendiko Taldearen laguntza jaso behar zuen, eta mendizaleak egin zitzakeen ibilbideak aztertu zituzten.
Rafa Castaños larunbatean irten zen La Fruitièreko aparkalekutik, goizeko zortzietan; gaua Estomgo aterpetxean pasatzeko asmoa omen zuen, 1.804 metroko garaieran, eta igandean itzuli. Haren berririk ez jasotzean, familiak zerbitzu frantziarrei abisatu zien astelehenean.