Gizartea -
Frantzian desagertua
Santurtziko mendizalea oinez eta helikopteroz bilatzen ari dira Pirinioetan
46 urteko gizona La Frutiereko aparkalekutik abiatu zen larunbatean. Estomeko mendi-aterpean gaua igarotzeko eta igandean itzultzeko asmoa zuen, baina familiak astelehenean eman zuen abisua.
Agentziak | Erredakzioa
Frantziako erreskate zerbitzuak Santurtziko mendizalea oinez eta helikopteroz bilatzen ari dira Pirinioetan, Gavarnieko Segurtasun Konpainiako (CRS) bozeramaile batek zehaztu duenez. Gizona asteburuan desagertu zen.
46 urteko bizkaitarra La Frutiereko aparkalekutik abiatu zen larunbatean, 08:00ak aldera. Aparkaleku hori 1.371 metroko altitudean dago.
Estomeko mendi-aterpean (1.804 metro) gaua igarotzeko eta igandean itzultzeko asmoa zuen, baina familiak Frantziako larrialdi zerbitzuei astelehenean abisua eman zien, senideek haren albisterik ez zutelako.
Eskarmentua du
Mendizalea bakarrik zihoan, eta senitartekoen arabera, mendian eskarmentua du, CRSko bozeramaileak jakinarazi duenez. Aukeratutako ibilbidean ez dabil jende askorik, trekking eta eskalada alpinoa uztartzen dituelako, eta "nolabaiteko teknika" beharrezko da, erantsi duenez.
Goi-mendiko Jendarmeriak (PGHM) erreskate taldeei laguntza emango die. Mendizalearen ibilbide posibleak aztertzen ari dira. Aterpean gaua pasa ez zuela uste dute.
Santurtziko mendizalea desagertu den zonaldea. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
Beste ezbeharrik ez da zonaldean gertatu, eta CRS baliabide guztiak mendizale santurtziarra bilatzeko erabiltzen ari da, bozeramaileak azpimarratu duenez.
VOST larrialdietarako boluntarioen elkarteak astearte honetan jakitera eman duenez, gizonak motxila gorri handi bat zeraman, eta buruzapi bat eraman ohi du.