Gizartea -
ISTRIPUA
Bizkaiko Balkoia Rallyko kopilotu bat hil da, Muxikan izandako istripuan
Auto bat bidetik irten da eta zuhaitz baten kontra jo du. Gidaria zaurituta eraman dute ospitalera eta pilotu-laguna han bertan hil da. 35 urteko Gernikako gazte bat da hildakoa.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bizkaiko Balkoia Rallyan parte hartzen ari zen auto bateko kopilotua hil da, Muxikan izandako istripuan larunbat goiz honetan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
10:45ean gertatu da istripua. Antza denez, autoa bidetik irten da eta zuhaitz baten kontra jo du.
Suhiltzaileek gidaria eta kopilotua autotik atera behar izan dituzte. Lehena, Arratzuko 32 urteko gaztea, ospitalera eraman dute larri zaurituta; eta bigarrena, Julen Bilbao, Gernikako 35 urteko mutila, lekuan bertan hil da.
Durangaldean ari ziren rallyaren 9. edizioa ospatzen. Lasterketa bertan behera geratu da istripuaren ostean.
Euskal Automobilismo Federazioak doluminak eman dizkio biktimaren familiari
Euskal Automobilismo Federazioak doluminak eman dizkio biktimaren familiari eta lagunei, "automobilismoko mundu guztiaren izenean".